Auzolanean aritu dira gaur Darahli elkarteko ordezkariak Zugeko haur-eskoan. Urte hasieran izandako euriteen ondorioz, kalte nabarmenak izan zituen eraikinaren egiturak eta berreraiki egin behar izan zituzten hainbat pareta. Bada, horiek margotzen aritu dira, hain justu ere.
Fin aritu dira zumaiarrak eta hiruzpalau orduan amaitu dituzte lanak. Errefuxiatuen kanpalekuan dituzten tenperatura altuak saihesteko, goizean aritu dira. 08:00etan jarri dute biltzeko hitzordua eta berehala ekin diote brotxak astintzeari. Edonola ere, lanak ez dituzte erabat amaitu. Bihar goizean bigarren pintura geruza emango dio hamar laguneko talde batek eta murala margotuko dute pintura taldeko kideek.
Arratsaldeko egitarauari dagokionez, libre izango dute kide guztiek eta familiekin egoteko eta Zug esploratzeko aprobetxatuko dute, giroa apur bat freskatutakoan. Dena den, jarri dute guztiak elkartzeko hitzordu berezirik ere: gaur urtebetetze eguna duten bi ikasleren ospakizun festa antolatu dute iluntzean.