Lan txukuna egin dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan egonaldia egiten ari diren Zumaiako ikasleek gaur ere. Bigarren egunez jarraian haurtzaindegian aritu dira atzo hasitako lanak errematatzeko. Pintura taldea izan da lanez arduratu dena eta sekulako dohain artistikoak erakutsi dituzte bertako kideek; izan ere, marrazki ederrekin apaindu dituzte sarrera eta barruko patioa.
Hala, Zugeko haurrei atseginagoa egingo zaie aurrerantzean eskolarako bidea. Bertara iristean bi haurren irudi ederrak topatuko dituzte eta barruko patioan belardi batean kokatutako Haima bat eta Zumaiako Algorriko paisaje paregabea ere bai. Halaber, Saharako bandera eta Darahli elkartearen ikurra ere marraztu dituzte bi herrien arteko senidetzea irudikatzeko.
Haurtzaindegiko lanak amaituta, gaurko arratsaldea ere libre izango dute gazteek eta dagoeneko egin dute plana. Mus txapelketa jokatzeko hitzordua jarri dute Dairan. Gainera, jokatzen ez dakienak ere gonbidatu dituzte irakatsiko dietela hitz emanda. Bihar, berriz, Erresistentziaren Museo Nazionala eta Bola erietxea bisitatuko dituzte.