Itzulia txirrindularitza probako hirugarren etapa eskualdeko kostaldeko herrietatik igaro da arratsaldeko lehen orduetan. Errenteriatik atera da tropela 13:39an. Behin Donostia igarota N-634 errepidea hartu dute txirrindulariek, eta Orio, Zarautz eta Getaria igaro ondoren, Zumaiako herrigunetik pasatu dira.
Azkar ekin diote etapari, eta abiadura horri eutsi diote etapako lehen zatian, behintzat. Izan ere, txirrindulariak Zumaiatik 14:27 eta 14:33 artean pasatuko zirela aurreikusten zuten, baina 14:18etan igaro dira ihes eginda zetozen lehen hiru txirrindulariak Zubitxiki paretik. Atzetik beste hiru txirrindulari igaro dira, eta minutu batera tropela.
Txirrindulariek Arroarako bidea hartu dute eta handik Aizarnazabal aldera joan dira, behin Meaga igota Zarautzera itzultzeko.