"Kantatzen ez duenak zorionik ez du". Hala dio Pirritx eta Porrotx pailazoen Bizitza kantu bat da abestiak. Eta hori horrela izanik, Pazko Astean hasita, ez da Zumaia baino herri zoriontsurik izango inguruetan. Izan ere, santelmoek irauten duten bitartean, nonahi eta une oro akorde hotsak izango dira Zumaian. Udal Musika Bandako kideak soinu horien atzean izango dira, askotan.
Haurren danborrada, helduena, prozesioa... Hamaika hitzordu izango dituzte bandako musikariek, eta dagoeneko hasiak dira ekitaldi horiek prestatzen. Badira aste batzuk entseguetan murgilduta dabiltzala: "Badugu zer egina!", dio Udal Musika Bandako zuzendari Joxe Mari Azkuek.
Gogorrena eta ederrena
Festetako lehen igandean, apirilaren 16an, danborraden eguna izango da musika bandarentzat. Danbor festaz pluralean hitz egin du Azkuek; izan ere, goizean umeen danborrada izango dute, eta gauean, aldiz, helduena. Egunik bereziena, eta aldi berean, gogorrena izango da bandakideentzat. Hala azpimarratu du zuzendariak: "Igande goizean hasten gara martxan, eta gutxi gorabehera, goizaldeko 01:00etara arte jarraitzen dugu jotzen. Gainera, hurrengo egunean, 10:00etarako prozesioan egon behar izaten dugu".
Lehen asteburu horretan ez dute, beraz, festez gozatzeko aukera handirik izaten musikariek. "Beti zera esaten dugu: ‘Eskerrak repetizioak dituzten santelmoek’. Izan ere, bigarren asteburuan jaiez gozatu ahal izaten dugu. Lehen asteburua oso gogorra egiten da, egun guztia kalean igarotzen dugu, eta aurretik parranda eginez gero, ezingo genuke erritmo horretan aritu", azaldu du.
Helduen danborrada gauez eta parranda giroan egiten da Zumaian. Lana zailtasunez egiteko osagai guztiak ditu ekitaldiak, baina gustuko lekuan aldaparik ez. Iritzi horretakoa da Azkue: "16 urte nituenetik atera izan naiz bandarekin danborradan; ez dut inoiz hutsik egin, iazko ediziora arte. Iaz danborrada kanpotik ikusteko aukera izan nuen lehendabizikoz, eta gogoan dut zer pentsatu nuen: ‘Barruan egon nahi dut!’, esan nion neure buruari. Danborradaren barruan zaudenean bizitzen duzunak ez du beste ezerekin zerikusirik. Jendea parrandan izaten da, baina danborrada barrutik ikustea izugarria da; esperientzia hori ez nuke ezergatik aldatuko".
Musika arnastu
Musika banda, eta, musika orokorrean, osasun onean daude Zumaian, eta hain zuzen, santelmoen oinarrietako bat da musika: kontzertuak, emanaldiak edota ikuskizunak izan, musika doinuak entzuteko hamaika aukera izaten da herriko jaietan. "Zumaian musika arnasten dela esan dezakegu. Edozein festatan txaranga bat kalera ateratzen bada, herria alaitu egiten da, eta jendeak eskatzen du halako ekitaldiak antolatzea. Agian ni musikaria naizelako izango da, baina herrian musikarekiko zaletasun handia dagoela iruditzen zait. Jendeak ondo pasatzeko gakoa da musika, eta festa ez genuke ulertuko musikarik gabe", adierazi du Zumaiako Musika Bandako zuzendariak.