Zugeko eskolako ikasleekin jolasean aritu da gaur goizean Darahliren taldea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 6a, 18:00

Hiru taldetan banatu dira Zumaiako ikasleak eta antzerkiarekin abiatu dute saioa. Ondoren, beste hainbat jarduera ere egin dituzte. Arratsaldean, berriz, formakuntza hitzaldiak jasoko dituzte.

Egunotan Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dauden Zumaiako ikasleak Zugeko eskolan izan dira gaur goizean eta bertako haurrekin aritu dira jolasean. Horretarako, hainbat jarduera prestatu dituzte aldez aurretik hiru taldetan banatuta: Antzerki taldea, batetik, eskola taldea, bestetik, eta kiroletako taldea, azkenik.

Antzerki taldekoak izan dira saioari hasiera eman diotenak, umorezko antzezlan inprobisatua eskainita. Ondoren, haurrak banatu egin dira eskola taldeak eta kiroletako taldeak proposatutako ekintzetan parte hartzeko. Hala, eskola taldeko kideengana gerturatu diren haurrak dantzan eta aulki jokoan aritu dira eta karetak marraztu eta aurpegiak pintatzen beste batzuk. Aldiz, kirol jarduerak nahiago izan dituztenak, lokots bilketan, zaku lasterketan eta futbolean aritu dira. Amaieran, Azkoitiko Aitzaki Kirolak elkarteak dohaintzan emandako jertseak banatu ditu Darahlik Zugeko eskolako ikasleen artean.

Arratsaldeari begira jarrita, orain, Wilaya izango dute hitzordua zumaiarrek eta hiru formakuntza hitzaldi emango dizkiete Saharako errefuxiatuek. Amaitutakoan, pizza jango dute Jaimetara itzuli aurretik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide