Lekeitioko Master Serieseko finala jokatuko dute Goikoetxeak eta Manzik

Juan Luis Romatet 2023ko apirilaren 7a

Manzi eta Goikoetxea Lekeitioko atzoko finalerdian. (Eraman Jai Alai)

Lekeition jokatzen ari diren zesta puntako Master Serieseko finalerdiak jokatu ziren atzo. Goikoetxeak eta Manzik bi setetan irabazi zieten Arbe eta Lopezi eta finalean izango dira larunbatean. 

Lekeitiok hartu du Aste Santu honetan zesta-puntako lekukoa. Bizkaiko herri honetako Master Seriesa ari dira jokatzen egunotan: atzo finalerdiak jokatu zituzten eta bihar bertan erabakiko da zer bikotek jantziko duen irabazlearen txapela. 

Santi Brouard pilotalekuak itxura ederra erakutsi zuen atzokoan. Harmailak beteta eta sarrerak agortuta. Zesta puntaz gozatzeko gogoa ere bazuten Lekeitioko zaletuek. Asko, gainera, gazteak ziren. Horrek are eta gehiago animatu zituen atzo protagonista izan ziren zortzi puntistak.

Lehen finalerdian bi zumaiar izan ziren aurrez aurre: Iñaki Osa Goikoetxea Mikel Manzisidor mutrikuarrarekin bikotea osatuaz batetik –azken hau lesioagatik jokatu ezin izan zuen Julen del Rioren ordez kantxaratu zen–, eta Imanol Lopez Jokin Arberekin aurreko koadroetan. 

Lehen jokoa oso berdindua izan zen. Launako berdinketaren ondoren Arbek eta Lopezek aurrea hartu zuten markagailuan, eta alde handirik gabe izan bazen ere, hala heldu ziren setaren azken tantoetara. Hamaikana, hamabina, hamahiruna eta hamalauna berdindu ondoren, Goikoetxeak egin zuen jokoko azken tantoa eta 15 eta 14 emaitzarekin irabazi zuten gorriek lehen seta. Bigarren jokoa ere berdinduta hasi zen, baina bosnako berdinketaren ondoren Goikoetxeak eta Manzik aurrea hartu dute eta 15 eta 8 emaitzarekin irabazi zuten bigarren seta, finalerako txartela eskuratuz. 

Bigarren finalerdian Erkiaga-Lekerika eta Barandika-Zabala bikoteak neurtu ziren; lehenek irabazi zuten lehia bi setetan: 15-9, 15-14.

Bihar jokatuko da Lekeitioko Master Serieseko finala 19:00etatik aurrera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide