Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dauden zumaiarrek azken orduak dituzte bertan, eta etxera itzuli aurretik senitartekoentzako opariak eta bidaiaren oroigarriak erosi dituzte gaur goizean. Hala, zapiak, pultserak, eraztunak edota ukenduak eramango dituzte Zumaiara, besteak beste.
Arratsaldean, berriz, Sahara basamortuko dunak bisitatu dituzte eta bidaiaren balorazioa egin dute guztien artean. Horretarako, Darahliko taldearen kideetako bakoitzak hitza hartu behar izan du aste honetako bizipenei buruzko hausnarketa egiteko eta gainerakoekin partekatzeko. Hitzaldi sentituak egin dituzte gazteek eta hunkitu egin dira asko. Amaitutakoan, Jaimetara itzuli dira azken gaua pasatzeko.
Biharkoa azken eguna izango da, esan bezala, baina izango dute zer egina gazteek. Izan ere, astearen hasieran margotu eta apaindu zuten Zugeko haurtzaindegia inauguratuko dute eta agur festa ere egingo dute.