[GUTUNA] Herri barruko zuhaitzak

Aitor Leiza Alberdi 2023ko apirilaren 8a

Berdeguneen kudeaketa oro har ere begiratu beharko genuke, baina gaur bakarrik zuhaitzez hitz egingo dugu. Ez nuen espero honelakorik idazterik, baina ikusita udal honek duen dinamika herriko zuhaitzekin, nola kudeatu beharko luketen inguruko nire iritzia doa hemen.

Bi irispide nagusi daude:

1- Zuhaitzak hazteko landatzen dira, eta ez kimatzeko urtero. Urtero kimatu behar badira ez dira zuhaitz egokiak leku horretarako.

2- Zuhaitz egokiak landatu behar ditugu leku bakoitzean mantenimendua zero izan dadin. 

Udalak badu hirigintzako araudietan zerbait idatzita, eta hau betetzea ondo ikusten dut. Fatxadatik abiatuta bi metro libreak izan behar ditu, baina zer gertatzen da parkeetan? Nik ez dut ikusi inon idatzita ikuspegia ez galtzeko eskubidea dagoenik –batzuoi etxe bat jarri digute aurrean eta urte guztian dugu etxe hori lehen genituen bistak galduz–.

Zer eskubide dugu-dute arazorik sortzen ez duten hainbat urteko hazkuntzako zuhaitzak mozteko? Ez al daude, bada, herritar guztien onuragatik lanean udalean? Hau da, denen onerako deritzon izenean?
Jakin badakit ‘Zuhaitzen plan zuzentzaile-Plan director del arbolado’ bat duela udal honek, zuhaitzak nola kudeatu behar diren argi jartzen duena. Zer gertatu da, orduan, lan bat egin ondoren irizpide horiek ez aplikatzeko?

Ez dira ausartu lan hau ordenantza bihurtzen, eta zuhaitzen kudeaketaren atzetik erabaki politikoak besterik ez dira geratzen; lorazaintzaren inertziaz gestionatzen dute eta beste batzuetan kontrolaren utzikeriaz. 

Zinegotzi izan nintzenean banekien zer zen denon onuraren alde lan egitea eta, zuhaitzen kasuan, zer kexak dauden han eta hemen. Zuhaitzak moztu genituen leku batzuetan eta horretarako ondo motibatuta egon behar dira mozketak. Gernika parkean egin dutenak ez du izenik. Fatxadatik zuhaitz hauek hamar metro baino urrutiago daude. Urte batzuk dituzuenok gogoratuko duzue Gernika parkea nolakoa zen; parke bihurtzeko, gustatu ala ez, irizpide bat zegoen, eta inor ez zen kexatu orduan. Zuhaitzak porte handikoak izango ziren fatxadak estaltzeko. Hau lortu dugunean, eta itzala dagoen eremua lortu ondoren, kolpe batez moztu dituzte, herritarrekin hitz egin gabe. Parke baten ez badugu utzi behar zuhaitzak hazten, non demontre hasiko dira, bada, herri barruan?

Orain San Jose kaleko goiko aldean, kotxe gainean geratzen ziren adarrek traba egiten zuten aitzakiarekin, haratago zeuden zuhaitz gehiago ere moztu dituzte. Beste 20 urte beharko ditugu eeemu horretan berriro ikusteko erramu ederrak eta beste espezietako zuhaitz batzuk.

Segurtasunagatik ikusten bada zuhaitzek erortzeko arriskua dutela, seinale gaizki landatutaa dagoen zuhaitza dela, gune horretarako desegokia delako tamainagatik… Moztu behar dira, moztu ditzatela, baina inondik inora ez erretzeko egurra behar zuelako udaleko norbaitek (aspaldi gertatutakoa da hau), botoak lortzeko edo sudur puntan jarri zaiolako kudeatzaileari.

Hogei urterako begirako planikifazio bat behar dugu herritarrok eta gabezia guzti hauek zuzenduko dituen Plan zuzentzaile serioa. Berdin dio zer partidu politiko dagoen gobernuan, ezin dugu onartu justifikaziorik gabeko mozketa bat gehiago ere.

Neurtu daiteke ingurunearekiko zer nolako sentsibilitatea dagoen gure kudeatzailearen artean ikusita nola tratatzen dituzten herriko zuhaitzak. Orain arte, denek suspentsoa dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide