Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan aste bete igaro duen Zumaiako taldeak hasi du etxera itzultzeko bidaia. Une honetan Tindufeko aireportura bidean doaz espedizioko kideak Madrilera eramango dituen hegaldia hartzeko. Gauez egingo dute hegazkin bidaia, eta, ondoren, autobusez jarraituko dute Zumaiaraino, joanekoan egin zuten bezalaxe. Igandean, eguerdi partean, iristea espero dute.
Edonola ere, izan dute Zugen azken ekintzak egiteko astirik kanpalekuak utzi aurretik. Goizean, esaterako, talde argazkia atera dute egonaldiaren lehenengo egunetan margotu zuten haurtzaindegia inauguratzeko. Horrez gain, kultur arteko agur ekitaldia ere egin dute Dairan. Hala, Zugeko emakumeek bertako abestiak kantatu eta dantzatu dituzte eta Zumaiako gazte batzuk ere animatu dira dantzatzera. Halaber, isil-isilik euskal kanta ezaguna abestu dute zumaiarrek elkarrekin ekitaldia ixteko.
Arratsaldea, berriz, Jaimetan hartu dituzten familiekin egoteko eta elkar agurtzeko aprobetxatu dute.