Datorren ostiralean, apirilaren 14an, hasiko dira San Telmo jaiak herrian, eta, ohi bezala, bertso jaialdia izango da gau horretan. Zumaiena Ikastetxeko aretoan izango da, 22:00etatik aurrera, eta kantuan honako bertsolariak arituko dira: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Julio Soto eta Jone Uria. Gai-jartzaile lanetan Jon Maia arituko da.
Zumaiako Bertso Eskolak antolatu du ekitaldia eta hiru sarrera bikoitz eman dizkio Baleikeri bere bazkideen artean zozkatzeko. Zozketa eginda, saridunak Maite Mendia, Itsaso Aldalur eta Ainhoa Aristi izan dira. Sarrerak aretoko atean izango dituzte zain.
Gogoratu sarrerak 8 euroan daudela salgai turismo bulegoan, Inpernupen eta Ttakun tabernan.