Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Garraio publiko elektrikoak gehiago bultzatu beharko lirateke"

Ximon Carballo Arano 2023ko mai. 1a, 00:00

Ruth Aranorekin elkartu gara, energiaren gaiari buruz galdetzeko eta etorkizun hobea edukitzeko proposamen batzuk egiteko.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Nik uste dut, neurri errazena edo lehendabizikoa eta jada martxan jarri dutena, kotxeen gasoila erabili beharrean, kotxe elektrikoetara pasatzea izango litzatekeela, eta trantsizio elektriko horretan gaude: hibridoak, elektriko hutsak edo nahasketekin…  Baina bidea luzea izango da, eta ez da erraza izango, oraindik kotxeen teknologia garatzen ari da eta.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Energia kontsumo kopurua esan nahiko duzu, ezta? Gure banakako kontsumo era aldatzea izango litzateke, baina baita enpresena ere, eta energia kontsumoa dagoen leku guztietan berrikuspena egin eta neurri berriak hartu beharko lirateke.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Nik informazio asko ez daukat, baina nik entzunda dut ezetz. Adibidez, Espainian energia inportatu egiten da, eta beste lekuetan asko produzitzen den seinale da. Baina autoabastezimendua izango litzateke onena, hau da, bakoitzak kontsumitzen duena berek sortzea. Baina ez da hain erraza. Adibidez, badakit Frantzian energia nuklearra asko erabiltzen dutela eta autosufizienteak direla, baina badakigu zer kontraesan dituen.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Niri eolikoak mendietan jartzea ez zait batere gustatzen. Ideia horrek begietan duen eragina handiegia iruditzen zait. Eta itsasoan ez dakit nola ikusiko diren edo nolakoak diren. Hori ere garatu egin beharko litzateke. Baina nik pentsatzen dut, agian, itsasoen olatuen energia ere garatu egin beharko litzatekeela. Izan ere, energia berriztagarriak, ahal den inpaktu gutxien dutenak, garatu beharko lirateke.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Bai, estrategia hori ona da, baina garraio publiko elektrikoak gehiago bultzatu beharko lirateke eta neurri gehiagorekin uztartu, baina ideia ona iruditzen zait.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide