Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Derrigorrez jaitsi behar dugu gure elektrizitate kontsumo maila, bestela ez gara leku onera joango"

Gaizka Mugarza 2023ko mai. 1a, 00:00

Karmelo Mugarzak 2050. urtean Zumaiarekiko duen ikuspegia partekatu digu elkarrizketa honetan.

Europan daukagun kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, nola irudituko zait, ba, bidezkoa? Hori ezin da mantendu. Derrigorrez jaitsi egin behar dugu gure kontsumo maila, bestela ez gara leku onera joango.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Murriztu egin beharko genuke, baina zaila da. Jendeari kontsumo maila jaisteko eskatzen badiozu protesta egingo du eta ez da erraza.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Herrialde batzuek energia sortzeko gaitasun handiagoa dute beste batzuek baino, baina denok egin beharko genuke ahalegina bakoitzak bere energia sortzeko. Beste arlo batzuetan esaten den bezala, “zero kilometroko energia”, hemen bertan ekoiztutakoa.

Gure herriko mendietan eolikoak ipintzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Bai, bietan. Kontrolatuta, ez edozein lekutan eta ez edozein modutan, baina nik jarriko nituzke. Ez dut uste kalte handirik egiten dutenik.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Bai, adibidez, lanera Donostiara joateko trena hartzen dut. Gainera, nik lanera joateko, nahiz eta publikoa ez izan, autobusa erabiltzen dut; ondorioz, bai erabiltzen ditudala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide