Bihar hasiko dira San Telmo festak, eta atzo arratsaldean Zumaiako Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen, jaiez herritar guztiek aske gozatu ahal izan dezaten ardura herritar guztiena dela gogorarazteko: "Guztion ardura da eraso sexista, LGTBI+fobo, arrazistak... saihestea eta identifikatzea, eta festetan guztiontzako seguruak eta erosoak diren espazioak sortzea". Mezu argi hori azpimarratu nahi izan zuten, iaz bezala.
Protokoloaren zenbait puntu
Horrekin batera, gogorarazi zuten zehaztuta dagoela protokolo feminista bat, eta hori txosnagunean aktibatu egingo dela eraso baten berri izan orduko. "Eraso baten berri eduki bezain pronto txosnagunean protokoloa aktibatuko da, eta tabernariei ere gauza bera egin dezaten eskatzen diegu: egoerari lehentasuna eman diezaiotela, eta beharrezkoa balitz jai giroa eten dezatela: argiak piztuz, musika itzaliz, erasoa egin duenari bere jarrera aurpegiratuz eta berau tabernatik kanporatuz".
Horrez gain, erasoa jasan duenaren iritzia errespetatzea eskatu dute, "momentuko erantzunaren, gertatutakoa zabaltzearen eta salatzearen inguruan. Guztion ardura da halako egoeren aurrean morborik ez sortzea, ezta bere izena edo kasuaren inguruko txutxumutxuak zabaltzea ere".
Jai giroan norbait erasotua sentitu bada, "euren burua zalantzan ez jartzeko eskatu" dute: "Uste baino indartsuagoak gara, eta argi izan behar dugu ez dugula zertan egoera deseroso bat jasan. Halakoetan ingurukoei laguntza eskatu, bakarrik egonez gero oihu egin eta babesa bilatzea nahiz 112 telefonora deitzea gomendatzen dugu".
Iaz bezala, aurten ere Saregileen plazan erasoen aurkako informazio postua egongo da. Mugimendu Feministak eskatu du hara joateko erasoen berri emateko zein informazioa eskuratzeko. Aurten, gainera, egun gehiagotan egongo da informazio postu hori herritarren eskura: santelmoetako ostiral, larunbat eta igandean (apirilak 14, 15 eta 16), eta errepetizioetako ostiral eta larunbatean (apirilak 21 eta 22), 23:00etatik 03:00etara.