Gauak ere aldarrikapenez blai

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 16a, 21:00

Kaleak eta gauak gureak dira lelopean, herritar asko atera zen atzo gauean kalera aldarrikapen zehatza egitera: emakumeek festez eta gauez gozatzeko duten eskubidea. San Telmo jaien lehen gauean egin zuten manifestazio jendetsua, eta txosnagunean amaitu zuten ibilbidea.

Zumaiako Mugimendu Feministak deituta eta txosna batzordearen babesarekin, manifestazio jendetsua egin zuten atzo, santelmoen lehen egunean, gauez herriko kaleetan barrena. Pankartak mezu argia zekarren: Kaleak eta gauak gureak dira. Alegia, emakumeek festez eta gauez gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten.

Iaz bezala, aurten ere Mugimendu Feministak protokolo feminista aurkeztu du festen atarian, eta azpimarratu zuen "herritar denen ardura" dela erasoen aurrean arduraz jokatzea. Santelmoetan txosnagunean protokolo hori aplikatuko dela azaldu zuten txosna batzordeko kideek ere.

(Argazkiak: Maria Maya Manterola)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide