Larunbatean eman zioten amaiera Gipuzkoako batel ligari Pasai Donibanen jokatu zen estropadarekin. Telmo Deun arraun elkarteko infantil mutilek ligako irabazlearen bandera ekarri zuten Zumaiara. Denboraldi osoan borroka bizia izan dute Zumaiako eta San Pedroko ontziak, baina azken estropadan nagusi izan ziren gorriak: 17 segundoko aldea atera zieten Zumaiakoek San Pedroko batelari. Hala, bai uretan bai Zumaian bertan bandera astintzeko parada izan zuten Telmo Deuneko gazteek.
Atsedenerako denborarik gabe, igandean Gipuzkoako batel txapelketa jokatu zuten leku berean, eta bezperan ligan gertatu bezala erraza nagusitu ziren Zumaiako arraun elkarteko infantilak. Hala, asteburuko bigarren bandera irabazi zuten Telmo Deun arraun elkarteko mutilek. Garazi Zubizarretak ziaboga onenaren saria ere jaso zuen.
Garaipen hau lortuta, datorren asteburuan jokatuko den Euskadiko batel txapelketan arituko dira Zumaiako arraunlari gazteak.
Zumaiako arraun elkarteko ontzi gehiago ere aritu ziren lanean igandean, Gipuzkoako txapelketan. Infantil neskak bigarren izan ziren Federazio Sarian; promesa neskak laugarren txapelketan eta mutilak hirugarren Federazio sarian.
Ligako sailkapenak
Gipuzkoako batel liga amaituta, hauek izan dira Zumaiako ontziek lortu dituzten sailkapenak: infantil neskatan, Zumaia A laugarren izan da; promesa neskatan, Zumaia B bosgarren izan da, Zumaia A bederatzigarren, Zumaia C hamahirugarren eta Zumaia D hemeretzigarren; promesa mutiletan, Zumaia A bosgarren izan da; eta gizonezko seniorretan, Zumaia seigarren.