Zozketa

Pagoeta Fest jaialdirako bi sarrera zozkatuko ditu Baleikek

Erredakzioa 2023ko api. 17a, 20:00

Pagoeta Fest jaialdia antolatu dute apirilaren 21etik 23ra Aiako Zingira kanpinean, eta antolatzaileen eskutik, bi sarrera zozkatuko ditu Baleikek bere bazkideen artean larunbateko saioetarako. Parte hartu nahi dutenek osteguneko 12:00etara arteko epea dute.

Artea, zirkua, musika eta umorea uztartuko dituen topaketa izango da Pagoeta Fest, apirilaren 21etik 23ra bitartean, datorren ostiraletik igandera, Pagoeta Natur Parkean gozatu ahal izango dena; Aiako Zingira kanpinean, hain justu ere.

Familia osoari zuzendutako askotariko ikuskizunak, kontzertuak, jokoak, ibilaldi eszenikoak eta instalazio artistikoak antolatuko dituzte. Bertan parte hartuko dute Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Frantziako artistek eta konpainiek: Barre Taldea, Jean Philippe Kikolos, Teatro Sobre Ruedas, Maite Guevara, Las XL, Las Polis, Nando Caneca, Domi Circo, Maleta Company eta Cie Balancetoi.

Baleike jaialdiko bi sarrera zozkatuko ditu hilaren 22ko saioetarako, Pagoeta Festen eskutik. Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Telefonoz deituta ere parte hartu ahal izango da, 943-56 01 64 zenbakira deituta. Horrela egiten dutenek NAN zenbakia eta zozketaren kodea tekleatu beharko dituzte. Kasu honetan, zozketaren kodea 10 da.

Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Baleikek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide