Zumaiako marea urdinak hartuko du asteburuan Palentziako Fromista

Juan Luis Romatet 2023ko apirilaren 20a

San Telmoren jaioterrian antolatutako festetan joko du datorren asteburuan Zumaiatik joandako danborrada batek. 70 bat lagunek osatuko dute taldea.

Itsasoa ez du gertu Palentziako (Espainia) Fromista herriak, baina kostaldeko kresalaz blaituko da datorren asteburu honetan. Izan ere, Zumaiako danborradaren bisita izango dute Gaztela eta Leongoko herri honetako bizilagunek, bertan ospatuko dituzten santelmillo jaien barruan. 

Izan ere, Zumaian gertatzen den bezala, Fromistako herrian ere San Telmo jaiak ospatzen dituzte, bertan jaio zen eta 1185. urtean Pedro Gonzalez Telmo, denborarekin San Telmo, arrantzaleen zaindaria bihurtuko zena. 

Hala, Zumaian santelmoetako repetizioak ospatuko dituzten asteburuan bertan herriko danborrada bat Palentziako herri honetara joango da txarangaz lagunduta. Larunbat arratsaldean abiatuko dira Zumaiatik eta igande iluntzean izango dira bueltan, bi ekitalditan jo ondoren. 

Guadalupe Egaña zumaiarrak izan zuen bidaia hau egiteko ideia. "Fromistan egon nintzenean asko gustatu zitzaidan herria bera eta San Telmoren inguruan duten museoa. Nik izan nuen ideia hori besteek ere izatea egoki iruditu zitzaidan. Aurretik Sevillara-eta joan izan gara danborradarekin, eta oraingoan pentsatu nuen polita izango zela Fromistara joatea".  

70 laguneko taldeak osatu dute asteburuko irteera honetan parte hartzeko, danborradakoak eta txarangakoak barne. "San Pedro eta San Telmo danborradetako kideek osatuko dute taldea, baina Fromistara San Telmokoetakoa izango balitz bezala joango gara, arrantzalez jantzita". 

Danborrada bakoitzak bere errepertorio propioa du, eta Palentziara San Telmo bezala joango badira ere, errepertorioaren bizkarrezurra San Pedrokoek jotzen dutena izango dela nabarmendu du Joxe Mari Zubimendik, danborren zuzendariak;  Jon Urbieta izango da barriken zuzendaria . "Hamahiru pieza eta hiru kalejira joko ditugu. Larunbateko ekitaldia hemengo danborrada baten antzerakoa izango da", azaldu du Zubimendik. Igandean, berriz, prozesio batean ere parte hartuko dute.

Zumaiatik joango diren kideak ilusioz beteta daude esperientziarekin. Gaztela eta Leongoak ere zer esanik ez, Egañaren arabera. "Bertako festetako programan sartu dute. Beraiek ez dute ezagutzen zen den danborrada bat, inoiz ez da joan hara danborradarik, eta beraientzako gauza berria da. Marea urdina izango da Fromistan".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide