Aurtengoan ere uda garairako eskaintza zabala prestatu du udalak haurrentzat

Maria Maya Manterola 2023ko apirilaren 20a

Udaleku irekiak, udazaintza zerbitzua, Musi-K udalekuak nahiz kirol udalekuak izango dira udan. Zabaldu dute jarduera gehienetarako izen ematea.

Urtero legez, HH2tik DBH2. mailarainoko haurrei zuzendutako jarduera ugari antolatu du udalak uda garairako. Zumaiako haurrek udaleku irekietan, musika udalekuetan nahiz kirol udalekuetan parte hartu ahal izango dute aurtengoan ere. 

Hona hemen udalak antolatutako jarduerak eta izen emateak:

Udazaintza zerbitzua
HH2ko haurrei zuzendutako zaintza zerbitzua da honakoa, jolasean eta adin horretako haurren beharretan oinarritutakoa. Goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

Izen ematea: apirilak 19-28, eskoletan.

Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda uztailaren 3tik 14era; bigarren txanda, uztailaren 17tik 28ra.

Udaleku irekiak: HH3 eta HH6 mailetako haurrentzat
Zerbitzu honetan aisialdian oinarritutako eremu hezitzailea eskaintzen da, jolasa, elkarbizitza eta euskara ardatz hartuta. HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

Izen ematea: apirilak 19-28, herriko eskoletan

Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda uztailaren 3tik 14era; bigarren txanda, uztailaren 17tik 28ra.

Musi-K udalekuak: HH4tik LH6ra bitarteko haurrentzat
Landarbaso abesbatzarekin, musika landu ohi dute haurrei zuzendutako saio horietan, baina baita dantza nahiz askotariko jolasak ere. Uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira aurtengo udalekuak, hain zuzen, uztailaren 17tik 28ra bitartean. HH4 eta LH6 maila arteko haur eta nerabeei zuzendutako ekimena da, eta goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

Kirol udalekuak: LH4tik DBH2ra bitarteko haur eta nerabeentzat
Kirol jarduera oinarri hartuta haur eta nerabeen aisialdia modu aktiboan eta entretenigarrian landuko dute udaleku hauetan. Goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

Izen ematea: apirilak 19-28, kiroldegian.

Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda uztailaren 3tik 14era; bigarren txanda, uztailaren 17tik 28ra.

Kiroldegian ere bai

Jarduera horiez gain, kiroldegian bertan ere zenbait ikastarotan parte hartzeko aukera izango dute haurrek. Igeriketan trebatzeko nahiz surf, sup edo bodyboardean aritu ahal izango dira. Maiatzaren amaieran zabalduko dute jarduera horietan inskribatzeko epea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide