Udal eta foru hauteskundeak 2023

Hautagaien zerrenda aurkeztu du Zumaiako EAJk

Erredakzioa 2023ko api. 21a, 12:25

EAJren hautagaitza osatzen duten hogei lagunak. (Zumaiako EAJ)

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du Zumaiako EAJk. Hogei lagunek osatzen dute zerrenda, eta jeltzaleen arabera "gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen talde prestatua eta herrikoa" osatu dute. 

Hautagai bakoitzaren aurkezpen txiki bat ere prestatu du Zumaiako EAJk.

1. Josemi Antia Albizu

"61 urte ditut eta zumaiarra naiz, bi seme-alaben aita. Abertzalea eta kirolzalea, ibilbide luzea dut herrigintzan eta kirolean: Zumaiako EAJren barne karguetan zein Udalean zinegotzi eta Pulpo Eskubaloi Klubean urte luzez ibilitakoa naiz jokalari, entrenatzaile eta presidente lanetan. Hainbat urtez komertzial gisa lanean aritu naiz eta gaur egun, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko lehendakaria naiz. Zaletasunei dagokionez, San Pedro abesbatzako kide naiz eta atsegin dut lagunartean abestea".

2. Iker Mardaras Arrieta

"49 urte ditut eta Algortan jaiotako zumaiarra naiz, bi semeren aita. Marketing eta enpresa kudeaketan lizentziatua. Finantza kontrolatzaile gisa lan egiten dut enpresa batean eta azken lau urteotan ogasun, pertsonal eta turismo sailetan zinegotzia izan naiz Zumaiako Udalean. Denbora librean familia eta lagunekin egoten gozatzen dut. Horrez gain, nire zaletasun handiena irakurtzea da".

3. Ainhoa Illarramendi Azkue

"Zarautzen jaio arren, azken 20 urteotan Zumaian bizi izan naiz eta bertan sortu dut nire familia. Kudeaketa Informatiko Teknikaria naiz ofizioz. 15 urtez idazkaritza eta administrazio lanetan aritu izan naiz enpresa ezberdinetan eta 9 urtez Trikuharri jantzi dendaren jabe, kudeatzaile eta administratzailea izan naiz. Azken agintaldi honetan Zumaiako Udalean zinegotzi lanetan aritu naiz. Gustuko dut piraguismoa praktikatzea, era guztietako eskulanak egitea eta lagunekin egotea".

4. Xabier Odriozola Etxaniz

"37 urte dituen zumaiarra naiz, alaba baten aita eta Industria Ingeniaritzan lizentziatua. Eskola kiroleko koordinatzailea, futbol entrenatzailea eta Zumaiako Musika Bandaren kidea izan nintzen. Gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa egiten dut lan eta duela 6 urte DBHko koordinatzaile lanetan ibili nintzen".

5. Mireia Aranbarri Ieregi

"22 urteko zumaiarra naiz,  Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ikasketak amaitzen nabil EHU-n. Politikak eta herrigintzak beti sortu didate interesa. Paseatzea, irakurtzea eta sukaldaritza dira nire zaletasun nagusiak".

6. Ander Olaizola Esnal

"24 urte ditut eta Ingeniaritza Industrial Masterra ikasten nabil Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Pulpo Eskubaloian jokalari zein entrenatzaile aritu naiz, baita Zumaiako Bandan ere. Herrigintzarekin dudan konpromisoak eta politikarekiko dudan zaletasunak talde honen partaide izatera bultzatu naute. Gazteok euskal politikagintzan badugu zeresana. Afizioei dagokionez, lagunartean egotea eta irakurtzea gustuko ditut".

7. Elene Lazkano Aizpurua

"Donostiarra jaiotzez, ama zumaiarra dut eta jada 21 urte Zumaian bizi naizela. Pulpo Elkarteko eta Zumaiena Ikastetxeko guraso elkarteko lehendakaria izan naiz eta gaur egun, bi batzarretako kide izaten jarraitzen dut. Era berean, San Pedro parrokiko katekista eta kontseiluko kide naiz. Kanpo merkataritza eta Turismoa ikasi nituen eta gaur egun liburu denda batean egiten dut lan. Irakurtzea eta dantzatzea gustuko ditut".

8. Eusebio Larrañaga Sudupe

"Administrazio eta informatika lanbide ikasketak burutu ditut. Gurutze Gorrian boluntario gisa lanean ibili naiz 7 urtez eta Zumaiako Parrokian katekista izan naiz 8 urtez. Gaur egun Zumaiako Iberdrolako arduraduna eta era berean, elektrizitate enpresa bateko arduraduna naiz".

9. Edurne Egaña Manterola

"53 urteko zumaiarra naiz, bi seme-alaben ama. Ekonomia Zientzietan lizentziatua eta Enpresen Kudeaketan masterra dut. EAEko administrazioan langilea naiz. Herrigintzarekin dudan konpromisoaren ondorioz ibilbide politiko luzea dut, besteak beste, Zumaiako Udaleko zinegotzi ere izan naiz. Naturaz gozatzea, irakurtzea eta familiaz gozatzea maite ditut".

10. Lide Amilibia Bergaretxe

"56 urte dituen zumaiarra naiz, bi seme-alaben ama. Zuzenbidean lizentziatua, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakaria, Zumaiako Udaleko zinegotzia eta Zumaiako Bake Epaile lanetan aritu naiz besteak beste. Gaur egun Gizarte Politiketako Sailburuordea naiz Eusko Jaurlaritzan. Familia eta lagunekin egoteaz gozatzen dut".

11. Javier Salvador Villa

"59 urteko zumaiarra naiz, Bilbon jaioa. Metalaren sektorean egiten dut lan. Anade Elkarteko presidentea naiz, Pulpo Eskubaloian entrenatzaile, Flysch Trail mendi lasterketako antolatzaile azken 13 urteetan, Lourdeseko bolondres, zenbait GKErekin (Acnur, Aita Mari) kolaboratzaile eta scout talde bateko kide izateak markatu dute nire ibilbide pertsonala. Txikitatik nire zaletasun nagusia mendia izan da. Horrez gain, politikak eta herrigintzak interes handia sortzen didate".

12. Lore Esnal Laskibar

"58 urte ditut eta Magisteritza ikasi nuen. Funtzionarioa naiz, gaur egun Gasteizen Lehen Hezkuntzan eskola publikoan ari naiz irakasle lanean. Zaletasun nagusia mendia dut. Azken urteotan mendi bazkuneko batzordekidea naiz".

13. Ramon Gaztañaga Azpiazu

"Zumarragakoa naiz baina orain dela ia 40 urte Urolako urekin batera iritsi nintzen Zumaiara eta hemen sortu dugu gure familia. Dentista izan naiz eta asko gozatu dut nire lanaz, orain irakurtzeaz, musika entzuteaz eta mendian ibiltzeaz gozatzen dudan bezala".

14. Xabier Urrutia Elorza

"Bergaran jaio nintzen eta badira 33 urte Zumaian bizi naizela. 60 urte eta bi alaba ditut. Zumaiako Institutuan Fisika eta Kimikako irakaslea naiz. Nire zaletasunak bidaiatzea, irakurtzea eta lagunekin egotea dira".

15. Arantzazu Arrizabalaga Olaizola

"50 urte dituen zumaiarra naiz. jada 30 urte Mutrikuko arropa denda bat daramat eta beraz, ondo ezagutzen dut autonomo eta dendari txiki izatea zer den. Horrez gain, errefuxiatuei eta itsasoz ihesi irtendako migratzaileei laguntzeko ekimenetan parte hartzen dut. Nire zaletasun nagusia, familia eta lagunarteko bizitza dira".

16. Asier Esnal Albizu

"61 urte ditut eta San Telmo kalean jaio nintzen. 16 urtez Zumaiako Udalean zinegotzi bezala lanean aritu naiz eta nire bizitza profesionala euskal administraziora bideratua egon da".

17. Arantxa Tapia Otaegi

"Astigarragan jaio nintzen, baina badira 30 urte baino gehiago zumaiar batekin ezkondu nintzela. Geroztik Zumaian bizi naiz eta bi alaben ama naiz. Industria Ingeniaritzan Doktorea eta EHUko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Katedraduna naiz. Gaur egun Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburua naiz Eusko Jaurlaritzan".

18. Isidro Fernandez Etxabe

"Pasaian jaio eta 17 urtez Urnietan bizi izan nintzen. Ondoren Zumaiara etorri nintzen eta 33 urte daramatzat hemen bizitzen. Ezkondua, 4 seme-alaben aita eta 8 biloben aitona. Ingeniari Teknikoa ofizioz eta jubilatuta nago. Urnietako Udalean zinegotzi izan nintzen demokraziako lehenengo bi agintaldietan, baita Zumaiako Udalean ere. 8 urtez Pulpo Elkarteko idazkaria izan naiz. Irakurketa eta zinema zalea, lurralde exotikoetara maiz bidaiatzen dut".

19. Paula Esnal Osa

"32 urte dituen zumaiarra naiz eta seme bat daukat. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatuta, Finantza Zuzendaritzan masterra egina eta gaur egun enpresa bateko Kreditu eta Kobroen saileko burua naiz. Bidaiatzea gustuko dut eta kuadrilla eta familiarekin egotea dira niretzako planik hoberenak".

20. Arantzazu Florez Tapia

"29 urteko zumaiarra naiz eta alaba bat daukat. Ingeniaritza Biomedikoko gradua eta masterra ditut, biak Nafarroako Unibertsitatean. 2018tik 2019ra softwarearen programazioan eta datuen analisian lan egin nuen Biolanen. 2019az geroztik Vicomtech-en nabil lanean, Energiarako eta Prozesu Industrialetarako Datuen Inteligentzia Sailean".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide