Iaz egin bezala, Udaleko Kultura Sailak zenbait ekitaldi antolatu ditu Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian. Aurten ere iazko lelo bera aukeratu dute ekitaldi hauek biltzeko: Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira. Izan ere, Marina Bidasoro zinegotziaren arabera, "irakurtzea erradikal eta arriskutsutzat jo da historiaz zehar, eta emakume zein bazterreko askorentzat autonomia eta pentsamendu kritikoa garatzeko bidea izan da urteetan". Aste honetarako prestatu dituzten hiru ekitaldiekin irakurzaletasuna sustatzea dela helburu ere gaineratu du. Hiru izango dira prestatutako ekitaldiak: ipuin kontaketa bat eta bi aurkezpen.
Gaur bertan izango da lehen ekitaldia, haurren liburutegian egingo den ipuin kontaketa ekitaldia, hain zuzen. Lolo Munstroa eta Margarita Sorginak Liburu Magikoa izeneko saioa ekarriko dute Zumaiara. Ekitaldia 17:30ean hasiko da eta 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da.
Bihar eta etzi, berriz, aurkezpen bana izango da Alondegiko ganbaran. Bi ekitaldiak 19:00etan hasiko dira. Asteazkenean, Daniel Carballo zumaiarrak Plazas con frontón en Euskal Herria liburua aurkeztuko du. Ikerketa liburu honetan pilota-jokoaren espazioa izan den plazekin lotuta denboran zehar eraikitako ondarearen adibide batzuen ezaugarri formalak aztertu dituzte. Hurrengo egunean, berriz, ostegunean, Maialen Berasategi itzultzaileak Gurnah Abdulraza 2021eko Nobel saridunak idatzitako Paradisua liburua aurkeztuko du.