Bihar egingo dute Kaleko Pintura Lehiaketa

Julene Frantzesena 2023ko mai. 20a, 13:25

Iazko lehiaketako parte hartzaile bat. (Juan Luis Romatet)

Goizean hasi eta eguerdira bitartean, herriko txoko desberdinetako ariko dira margolariak lanean; izan ere, Zumaiarekin zerikusia duten lanak egin beharko dituzte horiek. Lanak eguerdian aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, eta sari banaketa ekitaldia 18:00etan egingo dute.

Bihar, igandearekin, iritsiko da Kaleko Pintura Lehiaketa Zumaiara. Goizean hasi eta eguerdira bitartean, herriko txoko desberdinetako ariko dira margolariak lanean. Batzuk ibaiertzak aukeratuko dituzte, besteek labarrak, eta izango dira, baita ere, herriko alde zaharreko kaleetan barreiatuko diren artistak ere. Izan ere, Zumaiarekin lotura izan beharko dute gauzatzen duten obrak.

09:00etan zabalduko dute izena emateko epea, eta ordu horretatik 11:00etara zigilatuko dituzte lanerako euskarriak Oxford aretoan. Parte hartzaileek aurretik prestatutako lanerako euskarriak aurkeztu ahal izango dituzte, baina ez dute onartuko horiek marrazki, zirrimarra edo marra aztarnarik edukitzea. Euskarriak, gainera, gogorra izan beharko du, gero erakusketan ikusgai jarri ahal izateko.

Lanak 13:00etatik 14:00etara bitartean aurkeztu beharko dituzte egileek Oxford aretoan, eta epaimahaiaren esku geldituko da erabakia. Hain zuzen ere, 18:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta orduan jakinaraziko dute nork irabazi duen lehiaketaren aurtengo edizioa.

Hainbat sari

Sariak maila edo adina kontutan hartuta banatuko dituzte. Nagusien mailan, lehiaketako irabazleak 800 euroko saria jasoko du; bigarren saridunak, 500 eurokoa; eta hirugarrenak, 300 eurokoa. Bertako saria ere banatuko dute: 300 euro jasoko ditu bestelako saririk eskuratu ez duen lehen zumaiarrak. Horrez gain, Pinturas Rubio saltokiak emandako oparia ere jasoko du lehen zumaiarrak. 16 urtetik beherakoei ere Pinturas Rubiok emandako arte materialez osatutako sariak emango dizkiete: 12 urte bitarteko onenari bat eta 12 eta 16 urte bitarteko onenari bestea. 

Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa osatuko dute. Asteartean zabalduko dute, eta hilaren 28ra arte egongo da irekita, Oxforden.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide