2022ko likidazioaren berri eman du udal gobernuak apirileko ohiko batzarrean

Juan Luis Romatet 2023ko apirilaren 28a

2019-2023 agintaldiko zinegotziak –Joxe Mari Azkue falta da– pleno amaieran. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Udaleko apirileko ohiko plenoa egin zuten atzo. Hasiera batean, agintaldiko azken batzarra izan behar zuen, baina maiatzean beste pleno bat egingo zela iragarri zuen alkateak azken. Oier Korta alkate ohiak eskerrak emateko oharra ere irakurri zuen plenoaren amaieran.

2019-2023 agintaldia amaitzen ari da, eta bazirudien atzokoa izango zela agintaldiko azkena. Are gehiago hilabete eskasera udal hauteskundeak izango direnean. Despedidako hitzak ere entzun ziren atzokoan, baina Iñaki Ostolaza alkatearen arabera, agintaldia bukatu aurretik beste pleno bat izango da, "ez ohikoa edo ohikoa".

Apirileko plenora joanda, udalaren eta Kirol patronatuaren 2022ko aurrekontuen likidazioa aurkeztu zuen udal gobernuak. Arantxa Gajate zinegotziak eman zuen horren berri. Kirol patronatuari dagokionez, pandemiaren ondoren, sarrerak aurreko kopuruetara hurreratzen ari direla azaldu zuen behin bazkide kopuruak gora eginda eta hauen kuotak pandemia aurreko kopuruetara itzulita. Gastuak ere gora egin dutela adierazi zuen, argindarraren eta gasaren garestitzearen ondorioz. Hori horrela, udalak 573.000 euroko ekarpena egin behar izan ziola azaldu zuen, "gastu eta inbertsio batzuei heltzeko" asmoarekin. Plenoan jakitera eman duenez, 2022. urtea 70.000 euroko gerakinarekin bukatu du Kirol patronatuak.

Udalaren kasuan, berriz, gerakina 8,3 milioi eurokoa dela iragarri zuen. Urtean zehar izandako gauzatze maila edo exekuzioa txalotu zuen Gajatek. "2022ak, zehazki, azken urteotako exekuzio maila altuena izan du diru kopurua kontutan hartuta: 14,5 milioi euro, aurrekontu osoa 19,1 milioi eurokoa zenean".

Sarreretan, aurreikusitakoaren %97,19 gauzatu dela nabarmendu zuen, hau da, 20 milioi euroko sarrerak izan dituztela. Gastuetan, berriz, aurreikusitakoaren %70 izan da gauzatutakoa, udal gobernuaren arabera –inbertsioen kasuan %24–. "Baina zenbakiak ikusten baditugu, 14,5 milioi euro izan dira exekutatu direnak, inbertsioetan 1,6 milioi euro". Horri lotuta, aurtengo lehen hiruhilekoan 6,1 milioi euro baimendu direla ere gaineratu zuen, inbertsioetan, iazko proiektuei lotuta.

Agintaldia amaierako balorazioa eginda, Gajatek azaldu zuen Zumaiako Udala "egoera oso onean" uzten dutela, "gerakin handiarekin, exekuzio maila altuarekin, egitura indartuta eta datozen urtetarako proiektu askoren aurrelanketa eginda".

EAJren kezkak

Aurreko urteetan izandako kezkak mantentzen dituztela azaldu zuen Iker Mardaras (EAJ) zinegotziak. Inbertsio mailari dagokionez, exekuzioa %25era heltzen ez dela nabarmendu zuen. "2021eko urte eskasekoa baino eskasagoa" izan dela azaldu zuen Mardarasek. Aurreko agintaldira ere jo zuen EAJko zinegotziak urte haietan izan ziren exekuzio mailekin alderatzeko –%77,28koa 2018an eta %76,63koa 2019an–. "Aurreko urteetatik urrun gaude" esan zuen zinegotzi jeltzaleak. Gaineratu zuen proiektu asko agintaldiko azken urteetara eraman dituela udal gobernuak. "Atzeratutako proiektuak jaso dituzue aurrekontuetan; urtetik urtera pasatzen joan diren proiektuak dira". 

Mardarasek jarraitu zuen esaten 2022an inbertsioetan gastatutako 1,6 milioietatik %40 aurreko agintalditik zetozen proiektuetan gastatu zituztela. Hor, Udaltzaingoaren egoitza berria eta Oikiako eskolako patioa aipatu zituen. 

Gastuetan, berriz, pertsonalaren partida urte bakarrean 600.000 euro igo dela salatu zuen –"1,5 milioi agintaldi osoan"–. "Horrek udalaren kudeaketan eragina izan beharko luke, baina ez du eraginik izan udalaren exekuzioan".

Udalaren aurrezkiak, berriz, "iraunkorrak ez diren" sarrerengatik lortu direla ere esan zuen EAJko zinegotziak, eta foru funtsetik jasotzen den kopuruan izandako igoera jarri zuen horren adibide bezala. "Gastu maila doitu behar da, sarrera maila hau ez da eta mugagabea, udal gobernuak uste duen bezala". Sarrera kopuruak jaisten direnerako udalak prest egon beharko lukeela esan zuen Mardarasek. 

Iñaki Ostolaza alkateak erantzun zion EAJko zinegotziari, eta aurreko agintalditik jasotako proiektuei dagokionez, Udaltzaingoaren egoitza berria eta Oikiako eskolako pista, bietan ere proiektuak moldatu behar izan zituztela adierazi zuen. Foru funtsetan, berriz, historikoki urtetik urtera igoera izan dela nabarmendu zuen, eta "inflazioak gora egiten badu, funtsek ere gorantz jarraituko" dutela.

Oier Kortaren agurra

Hasieran esan bezala, atzokoak izan behar zuen urteko azken plenoa. Alkateak iragarri zuen gero maiatzean beste batzar bat egingo zela. Hala ere, Oier Kortako agurreko irakurri nahi izan zuen plenoaren amaieran. Korta Zumaiako alkate izan zen 2015-2019 agintaldian, eta azken agintaldian oposizioko burua izan da. 

Alkate ohiak eskertu nahi izan zion EAJren talde politikoari 2015eko hauteskundeetara aurkezteko proposamena luzatu ziolako. "Betidanik erabat identifikatuta sentitu naiz alderdiarekin; hamarkada luzetan erabaki estrategiko eta nuklearretan asmatu dutela sineste dut. Gaur egun daukagun ongizatea herritarrak, sindikatuak, enpresariak eta, nola ez, erakundeen arteko elkarlanarekin lortu da", azaldu zuen Kortak.

Zortzi urteko ibilbide honetan "bizipen asko" izan dituela ere adierazi zuen. "Ezberdintasunak ezberdintasun, eztabaidak eztabaida, ez beti baina oro har adostasunera iritsi izan gara. Ezkerra edo eskuina, abertzale edo ez, udalgintzan eta herritarren ongizatean lan egiterakoan bat egiten dugula iruditzen zait, eta hori horrela izanda, zergatik gizartean eta orokorrean politikarekiko bizi dugun desafekzioa?", galdetu zuen. Bere ustez, politika sendotu nahi bada, "benetako elkarbizitzan aurrera egin nahi badugu, iraganari erreparatzea ezinbestekoa da". Oier Kortaren iritziz, "ausartak izan beharko genuke eta iragan horren irakurketa kritikoa egin beharko genuke, presoen eskubideak bermatu, tortura arbuiatu eta, nola ez, erailketa guztiak gaitzetsi". Kortaren esanetan, herri bezala aurrera egiteko bide horretan "balioak, giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa" da. "Elkarren arteko errespetua ezberdin pentsatzen duenarekiko, eta benetan bizikidetzak aurrera egin nahi badugu. Eraso politiko pertsonalizatuak ez dira onargarriak –pegatinak, pankartak, pintadak–, eta hemen herri ordezkaritza dugunok bat eginik irmotasunez arbuiatu beharko genituzke".

Zortzi urte hauetan ezagutu dituen pertsona guztiak –"teknikariak, zinegotziak eta, nola ez, herritarrak"– ezagutu izanaz pozten zela esan zuen, eta eskerrak eman nahi izan zizkien, bereziki, "zortzi urteko esperientzia ahaztezin honetan" EAJko taldea osatu duten guztiei.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide