Maiatzaren Lehena aldarrikatzeko asmotan, ekintza bakarra antolatu dute astelehenerako eskualdean. Hain zuzen ere, Zumaian bizikleta itzuli aldarrikatzailea egingo dute, 18:30ean Beheko Plazatik hasita. Hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin, eta "aurrekaririk gabeko krisi ekosoziala, zerbitzu publikoen eraispena, zaintza krisia, pentsio erreformak, oligopolioen eta bankuen irabazi neurrigabeak" salatuko dituzte Langileen Nazioarteko Egunaren baitan.
Sindikatuei dagokienez, aurten deialdi guztiak hiriburuetara eraman dituzte horiek, eta beste behin ere euskal sindikatu bakoitzak bere aldetik egingo ditu protestak.
LAB sindikatuak, bere aldetik, Euskal Herrian zehar zortzi manifestazio egingo ditu Beste Euskal Herri bat, beste mundu bat mezua aldarri izanda. Gipuzkoako hitzorduak Donostian (Easo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik) izango dira. Biak ala biak, 12:00etan aterako dira.
Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, politika publikoen "norabide aldaketa baten beharra" aldarrikatzen ari da LAB, "bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsitzio ekosozialista eta feminista". Izan ere, Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren azterketa kaleratu du berriki sindikatuari lotutako Ipar Hegoa fundazioak, eta ondorioztatu dute maiatzaren lehenean kaleak betetzeko "arrazoiak indartu" egin direla; horren adibide dira, besteak beste, "ehun ekonomikoa ahultzeko joera eta lan erreproduktibo eta produktiboaren arteko banaketa bere horretan mantentzea".
ELAk aurten ere Bilbon egingo du Langileen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. Oraingoz, ez dute jakitera eman ordua zein leloa, baina manifestazioa hasi aurretik, mitina egingo dutela azaldu dute. Manifestaziora joateko, autobusak izango dira, eta horiek erabiltzeko aurrez deitu beharko da egoitzetako batera. Halaber, bazkaria antolatu dute; izen ematea zabalik da.
Urola Kostako Kontselu Sozialistak, berriz, Iruñean izango den mobilizazioan hartuko du parte, Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki! lelopean.