Uda aurreko festa, Raixta eguna, egingo da ekainaren 10ean Zumaian. Emakumeon* Etxeak antolatutako ekimen honek herriko emakume sortzaileen bilgune izan nahi du. Iaz antolatu zuten lehenengoz eta aurten ere Raixta egun "indartsu eta parte hartzaile" bat antolatzeko lanetan dabiltzala azaldu dute antolatzaileek, eta herriko emakume sortzaileak animatu nahi ditu "euren sorkuntza elkarbanatu eta ospakizun egun horretan parte hartzera".
Egitarauaren zati nagusi bat herriko emakume sortzaileekin antolatu nahi dutela diote Emakumeon* Etxeko lagunek. "Iaz egin genuen moduan, arlo desberdineko sortzaileen topalekua izatea nahi dugu Raixta eguna", gaineratu dute. Modu askotan parte hartzeko aukera izan arren, emakume sortzaileen txokoa hiru eremutan banatuko dutela aurreratu dute antolatzaileek: batetik, postuak izango dira, salmentarako edo erakusketa gisa; bestetik tailerrak ere izango dira; eta, amaitzeko, oholtza ere izango da, musika, dantza, performance edo bestelako jardueretarako.
Sorkuntzak zer modutan elkarbanatu nahi duten azaltzeko Raixta egunean parte hartuko duten lagunek formulario hau bete beharko dute. Betetzeko azken eguna maiatzaren 8a izango da.