Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Europan daukagun energia kontsumoa oso altua da eta murrizten saiatu beharko ginateke"

Maialen Peñagarikano Zubizarreta 2023ko mai. 1a, 00:00

Belen Zubizarreta Gurrutxaga Aizarnazabalgo herritar bat da eta energiari buruzko elkarrizketa bat egin diogu. 

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, ez zait bidezkoa iruditzen. Europan daukagun energia kontsumoa oso altua da eta murrizten saiatu beharko genukeela iruditzen zait, bestela, mundu osora zabalduko balitz ez genuke bizitza ona edukiko, eta gure ondorengoei gauzak zailtzen joango ginateke. 

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Ez dakit posible izango den edo ez, baina guztiok batera zerbait eginez gero lortuko genukeela iruditzen zait: elektrogailu gutxiago erabiliz, ordenagailuak itzalduta daudenean entxufetik aterata edo beste gauza txiki askorekin.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Nik esango nuke ondo egongo litzatekeela bakoitzak bere energia sortzea, horrela konturatuko ginatekeelako bakoitzak zenbat gastatzen duen eta zer kostatzen den. Beraz, egoki irudituko litzaidake kanpotik ekarri beharrean herri bakoitzak bere energia sortzea. 

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Bai prest egongo nintzateke. Herriko mendietan jartzeko prest egongo nintzateke, iruditzen zait egokiagoa dela itsasoan bertan baino. Hori bai, mendi hauek herritik pixka bat aparte egon daitezela, oso gertu egonda eragin dezaketenagatik, ez beste ezergatik. Itsasoan jarriz gero, berriz, sortu dezakeen kutsadura hori azkenean guregana itzuliko litzatekeela uste dut. 

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Egia da, CO2 gutxiago isuriko genukeela kotxeak erabiltzea lagako bagenu, baina niri, Aizarnazabalen bizita, ez zait batere egoki etortzen. Izan ere, guk garraio publiko bakarra daukagu, autobusa, eta ordutegia ez zait ondo egokitzen. Beraz, kotxea erabili beharra daukat bai edo bai. Hori saihesteko, hemen autobus gehiago eta ordutegi malguagoekin ipintzea beharko nuke. Batzuetan ez da egoten gure esku gauza horiek ekiditea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide