Erromeria giroak hartuko du larunbatean Itziar. Izan ere, Andutz Kultur Taldeak antolatuta, Itziarko Auzo Udalak laguntzarekin, XIII. Erromeria Eguna egingo da eta ekimenez beteriko eguna antolatu dute itziartarrek. Aurreko urteetan gertatu bezala, jende andana bertaratuko dela espero dute antolatzaileek, erromerien munduan errotzen hasi den festaren erakusle.
Aurtengo egitarauak aurreko edizioen ildotik jarraituko du. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar trikitilariak, Hernani eta Debako txistulariak, Hernaniko dultzaineroak, Zubietako joaldunak, soinujoleak, Bianako eta Itziarko dantza taldeak, Txilibita fanfarrea eta gehiago. Trikitilariak Jone Uria eta Julene Otegi; Naiara, Izarra, Itziar eta Ander; Irma Karrera eta Jokin Tolosa; eta Ostolaza eta Pujana izango dira.
14.30ean herri bazkaria izango da frontoian; eta bazkaritarako txartelak maiatzaren 4a baino lehen erosi beharko dira Itziarko ohiko saltokietan: Gure Denda, Burugorri Ostatua, Hostala Itziar eta Bikain Jatetxean.