Zumaiako Udalak merkataritza bultzatzeko bonu kanpaina berria jarriko du martxan

Maria Maya Manterola 2023ko maiatzaren 5a

Argazkia: Zumaiako Udala.

ErrotaHerria egitasmoaren balorazio baikorra egin ondoren, beste bonu sistema bat jarriko du martxan udalak, Gertu elkartearen laguntzarekin. Bonuak maiatzaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen enpresa txikiei bultzada emateko, eta ErrotaHerria kanpainaren balorazio positiboa egin eta gero, beste bonu kanpaina bati heldu dio Zumaiako Udalak Gertu merkatari eta ostalarien elkartearekin elkarlanean. 

Kanpainara 10.000 euro bideratuko dituzte oraingoan, eta herrian 40.000 euroko inpaktu ekonomiko zuzena sortzea aurreikusi dute, herritarren ekarpenekin batera. Guztira, 1.000 erosketa bonu jaulkiko dira. Bakoitzak 30 euroren prezioa izango du, baina 40 euroko balioa kanpainari atxikitako dendetan gastatzeko. Dena den, bonu bakoitza 10 euroko lau zatitan banatuta egongo da. 

Maiatzaren 10etik aurrera izango dira eskuragai Turismo Bulegoan, eta herritarrek bonu bakarra erosi ahal izango dute. Horretarako, NAN identifikazio txartela erakutsi beharko da. Beste pertsona baten izenean ere erosi ahal izango dira, haren NANa erakutsiz gero. 

Uztailaren 30era arte erabili ahal izango dira bonu horiek, eta merkatariek bonuaren zenbatekoa kobratzeko, Turismo Bulegora jo beharko dute. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide