Janari bilketa egingo da asteburu honetan Zumaian. Bihar eta etzi egingo da, ostiralez eta larunbatez, herriko supermerkatu batzuetan, eta bildutako produktuak Gipuzkoako Elikagai Bankura bideratuko dira.
Elikagaiak eta bestelako produktuak erosi eta emanaz hartu daiteke parte kanpaina honetan, baita bonoak erosiz. Hala, bilketa Alaiko, Ardantzabideko eta Foruen plazako Eroski supermerkatuetan, eta Ardantzabideko BM supermerkatuan egingo da, goizeko 9:00etatik iluntzeko 9:00etara bitartean. Foruen plazako Eroskin izan ezik (hor bonoen bidez lagundu ahal izango da), beste hiruretan produktuen eta bonoen bidez lagundu ahal izango da.
Kontserbak, lekaleak, azukrea, esnea, pasta, arroza, opilak, hirina edota olioa eman ahal izango da, baita 5 eta 6 neurrietako fardelak ere.