Zinegoak jaialdia Zumaiara iritsiko da datorren astean

Maria Maya Manterola 2023ko maiatzaren 11

'Casa Susanna' film dokumentalaren fotograma bat.

Bilboko gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiko bi saio izango dira Aita Mari aretoan: film dokumental bat, eta film laburren emanaldia.

Zumaian geldialdia egingo du Bilboko Zinegoak gaylesbotrans jaialdiak. Bi saio izango dira: lehena, datorren asteazkenean, hilaren 17an, Casa Susanna film dokumentala; eta ekainaren 8an bigarrena, sei film laburren proiekzioarekin. 

Iazko filma da Casa Susanna, eta ingelesez proiektatuko dute, euskarazko azpitituluekin. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan kokatzen da filma, AEBetako landa sakonean, Catskill mendien magalean. Stonewall eta queer eta cishetero bezalako kontzeptuen teorizazioa baino lehen sortu zen Casa Susanna, emakumez janztea gustatzen zitzaien gizonak edo/eta emakume moduan identifikatzen zirenak hartzen zituen oporretako egoitza. Zuzendariak etxe haren bizitzari buruzko argazki eta dokumentazio grafiko bilduma eskerga bildu du dokumentalean, gaur egun 80 urte dituzten Diane eta Kate protagonisten ahotsarekin. Garai hartan, gizonak ziren eta erakunde sekretu horren parte ziren. Gaur egun, transexualitatearen lehen garaietako kapitulu ahaztua kontatzen dute.

Ekainaren 8ko saioan, berriz, ondorengo lanak ikusi ahal izango dira: (Maider Oleaga), Ezohikoak (Alejandra Bueno), Son (Marta Nieto), Girls & the party (Paloma Lopez), Arnasa (Raúl Barreras), Perpetua felicidad (Isa Luengo, Sofía Esteve), It´s a gray, gray world (Seyed Mohsen, Pourmohseni Shakib).

Bi saioak 19:30ean hasiko dira Aita Mari zineman, eta sarrera doakoa izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide