Leok'k seikoteak kontzertua emango du gaur, 20:00etatik aurrera, Zumaiena Ikastetxeko aretoan. Iaz plazaratu zuten Bizirik hala ere diskoko abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horiekin batera, azken urte hauetan argitaratutako diskoetako (Infinituari segika, Alferrik baita) kantak ere ez dira faltako, baita bizpahiru bertsio ere.
Euskal rockaren talde historikoa, seikotea honako sei lagunek osatzen dute gaur egun: Juan Antonio Kortadi (gitarra, koruak), Gotzon Lizaso (sintetizadoreak, pianoa, koruak), Luis Llavori (gitarra solista, gitarra akustikoa, ahotsa), David Gorospe (bateria, perkusioa), Jesus Aranberri (Hammond organoa, piano elektrikoa) eta Alfonso Guillo (baxua, koruak, ahotsa).
Aurretik, Rockaren sorrera gogoan ikus entzunezkoa ikusteko aukera izango da. Bertan, eskualdeko rockaren lehen urteetan protagonista izan ziren, eta gaur egun ahaztuta dauden taldeei aitortza egin nahi diete Leok'k-eko kideek.
Sarrerak turismo bulegoan eskuratu daitezke, baita online hemen. Prezioa 5 euro izango da.