Gogoan izan behar da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plana onartzen duen ekainaren 10eko 2/2013 Foru Araua 2013. urtean onartu zutela Batzar Nagusiek. Helburua hauxe zen: plan horretako 5. ibilbideari (Urola Bailara) jarraipena ematea, Zumarraga eta Zumaia arteko bide osoa lotu eta amaituz.
Arroa Beheko bizilagunen aldarrikapen historikoa izan da "herriak lotu, bidegorria amaitu", hau da, Narrondo auzoarekin (1.000 metro inguru) eta Iraeta auzoarekin duen lotura egitea.
Bi zatiak elkartuz gero abantaila handiak izango genituzke bailarako biztanle guztiok: alde batetik, aisialdirako aukera bat sortuko litzateke bizilagunentzat, eta, bestetik, Arroako auzotarrok autoarekiko dugun mendekotasuna murriztuko litzateke Zumaiara eta Zestoara joateko orduan.
Azken urteotan, hainbat komunikabidetan iragarri digute laster egingo direla bi zatietako lanak: Arroa-Narrondo zatia egitea eta Iraeta eta Arroa Behea artean eroritako bi tunelak egokitzea.
2019ko otsailean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuaren eta orduko Zestoako alkatearen prentsaurrekoan, Iraetako tunela egokitzeko lanen berri eman zen (240.000 euro). Eta urte horretan bertan, 2019. urtean, Arroako tunelari buruzko azterlana ere egingo zela (60.000 euro). Halaber, Arroa-Narrondo zatia egingo zela ere iragarri zuten, 530.000 euroko zuzkidura batekin.
Hau horrela izango zelakoan, 2020an Zestoako Udalak bere eskuduntzan zegoen zatiaren lanak egiteari heldu zion. Arroa Behea eta Urolako Bide Berdea izango zenaren arteko loturari, hain zuzen ere. Udalak bere lanak amaitu zituen, baina lan horiek ez zuten Bide Berdearen lanen jarraipenik izan.
Berrikiago, 2022ko otsailean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak jakinarazi zigun Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, Iraeta eta Arroako tunelak egonkortzeko lanak diseinatu, lizitatu eta egingo dituela; Foru Aldundiak, berriz, 2023aren hasieran hasiko zituela Narrondorekin lotzeko lanak, 450.000 euroko aurrekontuarekin. 2023ko urtean bete-betean gaude, eta oraindik lanen arrastorik ez!
Iazko uztailean ETSk lizitaziora atera zuen bere gain hartutako lana (Iraetako eta Arroako tunelak birgaitzeko eta sendotzeko proiektua idaztea), baina ez dugu horri buruzko informazio gehiagorik. Nola ote daude kontu horiek?
Aldundiak hartutako konpromisoei dagokienez, ez dakigu aurrerapenak izan diren, baina badakigu 2023 ere aurrera doala, eta oraindik ez direla obrak hasi.
Arroa Beheko Auzo Elkarteak galdetu izan duenean, Foru Aldundiaren erantzuna hau izan da: "Aurrekontu nahikorik ez aurreikusitako inbertsioetarako". Baina gure ustez arazoa beste bat da: borondate politikorik eza. Izan ere, hainbat urtez egon da dirua aurrekontuetan gordeta, baina ez da erabili, borondate faltagatik, eta jakina, diru horiek "galdu" egin dira.
Urte asko igaro dira, gehiegi, eta askotan esan zaigu: "Lasai, laster egingo da", askotan entzun ditugu hitz politak, baina nekatuta eta nazkatuta gaude. Baita alderdien joko politikoekin ere. Izan ere, herritar guztion interesen gainetik jartzen dituzte beren interesak, eta behin baino gehiagotan sentitu izan gara pieza hutsak haien xake jokoetan. Pazientzia handia erakutsi dugu, baina amaitzen ari zaigu.