90eko hamarkadan argazki zaharrak biltzen hasi ziren Zumaiako Udala eta garai hartako argazki elkartea, garai bateko Zumaiaren arrastoak gorde asmoz. Gero, 2005ean, horiek digitalizatu eta katalogatu zituzten, Eusko Ikaskuntzarekin lankidetzan. Fototeka hori osatzen jarraitzeko, ordea, etxean argazki zaharrak dituzten herritarrei deia egin diete Kultura Sailarekin harremanetan jartzeko.
Zumaiarrek herriko ondarea bilatzen eta zabaltzen parte hartzea nahi dute, eta parte hartu nahi dutenek argazkia paperean eraman beharko dute ekainaren 16a baino lehen, aurrez horretarako hitzordua hartuta –943 86 10 56 telefono zenbakira deitu beharko da hitzordua hartzeko, 09:30etik 14:30era–. Argazkia Alondegian utzi, eta Zumaiako Udala arduratuko da digitalizazioaz eta jabeari itzultzeaz.
1995. urtea baino lehenago egindako argazkiak dira bildu nahi dituztenak. Orain arte, 800 argazki bildu dituzte, garai eta gai askotakoak. Gehienak 1870 eta 1977 urte bitartekoak dira, eta arloka banatuta daude: antropologia, etnografia eta folklorea; arteak; biografia; biologia eta geologia; ekonomia; erlijioa eta teologia; garraiobideak eta komunikazioak; geografia eta lurraldearen antolamendua; gizarte eta giza zientziak, eta jokoak, kirolak eta ikuskizunak.