Politikan ibilbide luzea daukazu, eta urte asko Donostiako politikagintzan eman dituzu. Orain Zumaiako alkategaia zara. Nola eman duzu pauso hori?
Horrexegatik. Donostian urte askoan egon naiz eta orain aukera berriak sortu dira. Horien bila ere banebilen, eta niretzako garrantzitsua da Zumaiara itzultzea, eta Zumaian benetako politika egitea Donostian kasu dudan guztiarekin. Erabakia hartzea erraza izan da, eta oso gustura nator Zumaiara.
Zer ekar diezaioke Duñike Agirrezabalagak Zumaiako politikagintzari?
Alde batetik, esperientzia. Gero, nire izaerak lagunduko dit: pertsona irekia naiz, eta asko gustatzen zait entzutea eta hitz egitea. Baita erabakiak hartzea ere. Politikagintzan buru irekia izan behar duzu, eta anitza izan behar zara. Aniztasun hori Zumaian lortzea oso garrantzitsua izango da.
Etxebizitzena da Zumaiak duen arazo larrienetakoa. Horren aurrean, zer da Alderdi Sozialistak proposatzen duena?
Oso ohituta nago instituzio desberdinekin lan egitera. Hitzarmen bat lortzeko aukera zabaldu da Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailarekin, Alderdi Sozialistak eramaten duena, eta Zumaian etxebizitza kopuru handi bat egitea lortu behar da Zumaian. Etxebizitza berriak egiteko, batetik, denbora behar dugu. Bestetik, HAPOa ere berritu behar da herrian, eta datozen urteetara begirako planifikazio bat jarri behar da martxan. Bitartean, herrian bertan ditugun etxebizitzekin lanketa egin behar da: neurriak hartu behar ditugu benetan hutsik dauden etxebizitzen kasuan, eta etxe zaharrei dagokionez, irisgarritasunarekin eta klima aldaketarekin lotutako erabakiak hartu behar dira. Jaurlaritzak baditu laguntza garrantzitsuak eta nik uste aprobetxatu behar ditugula. Udalak etxebizitza bulegoa zabaldu berri du, eta jendeari edota enpresei informazioa eman behar zaie Zumaiak nora joan behar duen, eta zumaiarrek non nahi dugun bizitzea pentsatzeko.
Gero eta adineko jende gehiago bizi da Zumaian. Adin tarte horretako pertsonei zuzendutako lanketa berezirik planteatzen al duzue?
Zumaiarren %20ak 75 urte baino gehiago ditu. Zaintza plan bat ere behar du Zumaiak, eta oso gustura egingo nuke, behar den plan bat delako. Etorkizunera begira, zahartzaroan autonomia mantentzeko lanketa bat egitea beharrezkoa da: ahal dela etxean jarraitu behar dute adinekoek, bere ingurukoek zainduta, eta egoitzak benetan dependienteak direnentzako izan beharko lukete. Demografia kontu honi heldu behar zaio eta denekin hitz egiteko prest nago.
Pandemia bat ere izan dugu tartean, eta horrek eragin handia izan du herritarrengan. Gazteak dira ukituta atera direnetako batzuk.
Pandemiak ondorioak izan ditu. Ahaztu nahi ditugu, baina azken finean gogoratu behar ditugu ondorio horiek. Adinekoen artean eragin handia izan du, baina baita gazteen artean ere. Gure asmoa da, eta lelo bat da, inor ez uztea atzean. Aurretik egindako lana ondo aztertu behar da, eta diagnostikoak garbi izan behar ditugu; zailtasunak dituzten pertsona horientzako laguntzak egon behar dute, oso garrantzitsua delako denak integratuta egotea, esklusiorik ez egotea. Gazteei dagokionez, udalak eskainiko duen plan psikologiko bat sortzea proposatuko dugu. Ez da pandemia bakarrik, mundua aldatzen doa eta aktualizatzen joan behar gara gu ere.
Zumaia herri erakargarria bihurtu da turista eta bisitarientzako. Turismoaren igoerak kezkak ere sortu ditu herritar batzuen aurrean.
Zumaiako ekonomiaren erdia zerbitzuetara dedikatzen da gaur egun; industria %45 inguru da, baina ez dugu ahaztu behar lehen sektorean lan egiten duen jendea ere badagoela; oso txikia da, baina garrantzitsua aldi berean. Turismoa etorri egingo da, eta nire ustez erregulatu behar da. Gure asmoa oreka aurkitzea da. Industriara begiratuta, lanpostuak zaindu behar dira, baita lanpostu horiek duten kalitatea ere. Adibidez, garrantzitsua da Guascorrek jaso duen dirua Next Generation funtsetatik, hidrogenozko motorra garatzeko. Xey inguruan ere lursailak egokitu dira enpresak erakartzeko eta guk halako proiektuak babestuko ditugu, Zumaiak dena behar du eta. Lehen sektoreari babesa ere erakutsi behar zaio, duguna mantentzeko, handitzeko ez bada.
Klima krisialdia da gizarteak pairatzen duen beste arazo larri bat. Horren aurrean, zer planteatzen duzue?
Gure neurriak izango dira komunitate energetikoak babestea, etxebizitzetan berritze lanak egiten badira energetikoki efizienteak izatea. Mugikortasunak ere badu zer ikusia, eta horren inguruko kontzientziazio kanpainak abiatu behar ditugu. Baita, zer hondakin sortzen ditugun ere, nola kontsumitzen dugun. Hori guztia elikadurarekin lotuta ere badoa, baita osasuna ere. Dena izan behar dugu kontutan, eta aldatzeko gogoa izan behar dugu, behartuta gaude eta.
Alkate bazina, nolako Zumaia izatea nahiko zenuke?
Denon artean egindako Zumaia bat izatea nahiko nuke, bizitzeko erraza den herri bat izatea, eta elkarbizitza denon gustukoa izango dena.