Elkarretaratzeak egingo dituzte Eguneko Zentroko langileek

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 22a, 17:30

Eguneko zentroaren ataraia. (Baleike)

ELA sindikatuak azaldu duenez, "zerbitzua modu duinean aurrera atera ahal izateko errefortzuak eta euren egutegiak betetzea" eskatu dute langileek. 

Zumaiako Eguneko Zentroko langileek elkarretaratzea egingo dute bihar, 11:00etan, zentroaren aurrean. "Azken urteotan lan karga handiekin ari dira lan egiten eta ez dira iristen erabiltzaileak behar bezala zaintzera", jakitera eman dute ELA sindikatuak. Hiru erizain laguntzaile daude eta hogei erabiltzaile dituzte momentu honetan; horietako askok dependentzia maila handia daukate.

"Ezinbestekoa da erabiltzaileen zaintzaren kalitatea bermatuta egotea, baina une honetan bertan ez da horrela", zehaztu du ELAk. Pandemia ostean, zerbitzu orduak "murriztu" eta arreta denborak "oso mugatuak" direla nabarmendu du. Hori horrela, "zerbitzua modu duinean aurrera atera ahal izateko errefortzuak eta euren egutegiak betetzea" eskatzen dute langileek.

Biharko mobilizazioaz gain, ostegun arratsaldean beste elkarretaratze bat egingo dute langileek Beheko plazan, 18:00etan, eta herritarrak bertaratzeko deia egin dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide