Pandemiaz geroztik eguneko zentroko zerbitzua murriztu izana salatu dute

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 23a, 13:00

Argazkia: Sara Utrera.

"Pertsonal falta eta ordutegia murriztu izana" salatu dute Zumaiako eguneko zentroaren parean ELAk deitutako elkarretaratzean. Ostegunean ere elkarretaratzea izango da, 18:00etan Beheko plazan.

Gaur gaurkoz hogei erabiltzaile ditu Zumaiako eguneko zentroak. ELA sindikatuak deitutako protestan salatu dutenez, zerbitzuaren kalitatea ez da bermatzen, ordea: "Komunera korrika eta presaka eraman behar dituzte, jatekoa emateko ere denbora gutxi dute... Pandemia aurretiko egoerara bueltatzea eskatzen dugu, pertsona gehiago kontratatuta eta kalitatea bermatuta". Hiru erizan dituzte hogei pertsona horiek artatzeko, sindikatuak emandako datuen arabera. 

Gaineratu dute "urteak" daramatzatela Aldundiari nahiz tokian tokiko administrazioari ratioak hobetu ditzaten eskatzen, baina hori egin beharrean, "enpresa pribatuen interesak" lehenesten dituztela salatu dute. Beharrezko urratsak eman ditzaten eskatu diete instituzioei: goizeko eta arratsaldeko txandan errefortzua jartzea eskatzen dute (10:30etatik 12:30 etara eta 15:00etatik 17:00etara) ,eta ordu horiek langileen egutegietan txertatzea. Horrez gain, zentroan hamabost erabiltzailetik gora daudenean, lanen antolaketa langileekin adostea nahi dute, eta beharrezko inbertsioa egitea kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izateko. Ostegunean ere neurri horiek eskatzeko protesta egingo dute langileek 18:00etan Beheko plazan.

Udal Gobernuak bere azalpenak eman ditu lan gatazkaren inguruan. Argitu nahi izan dute Aldundiak azpikontratatutako Eulen Sociosanitarios enpresaren esku dagoela kudeaketa, eta zenbaitetan jarri direla harremanetan bai Aldundiarekin bai enpresarekin, langileek eskakizunak onar ditzaten eskatzeko. "Udal Gobernuak uste du gai hau zerbitzu publikoak azpikontratatzeak dakartzan arazoen adibide garbia dela", gaineratu dute.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide