'Merkatarien Zilarrezko Hamabostaldia' antolatu dute Gerturen 25. urteurrena ospatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 25a, 13:30

Txu-txu trena. (Baleike)

Hainbat jarduera prestatu ditu merkatari eta ostalarien elkarteak, eta bihar egingo dute lehenengoa. Edonola ere, ekainaren 2tik 24ra egingo duten Zilarrezko Ginkana izango da nagusia.

Gertu Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko kanpaina berezia antolatu du eta bihar bertan abiatuko dute. Zumaiako Merkatarien Zilarrezko Hamabostaldia deitu dute, baina luzeagoa izango da haren iraupena.

Hasteko, txu-txu trena jarriko dute bihar 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Txomin Agirre bus geltokian izango du irteera puntua txu-txu trenak. Elkarteko saltokietan eskuratu daitezke trenera igotzeko txartelak dohain; izan ere, aste osoan aritu dira bezeroei banatzen egindako erosketekin batera. Edonola ere, izango da txartelak geltokian bertan eskuratzeko aukera ere euro bat ordainduta.

Larunbaterako, berriz, triki poteoa eta Lunch-a antolatu dituzte bazkideentzat, eguerdi partean eta Batukada arratsaldean. Erribera kaletik abiatuko da 18:30ean eta Ondartxo plazara arteko ibilbidea egingo du 20:00etan amaitzeko.

Nolanahi ere, Zumaiako Merkatarien Zilarrezko Hamabostaldia kanpaina hurrengo hilabetean garatuko dute, batez ere. Azken batean, ekainaren 2tik 4ra iraungo duen Zilarrezko Ginkana antolatu dute. Bitarte horretan, Ginkanako kartillak banatuko dituzte herriko saltokiek eta lau establezimendutako lau zigilu bildu beharko dituzte bezeroek kartilla horiek betetzeko. Kartillak behar bezala osatutakoan, Turismo bulegoan edo Oxford aretoan entregatuko beharko dituzte bezeroek beren datuak zehaztuta eta kanpaina amaieran Gertuk egingo duen zozketan parte hartu ahalko dute horrela.

1.500 euroko balioa duten sariak izango dira merkatari eta ostalari elkarteak zozkatuko dituenak: 300 euroko hiru erosketa bonu Gerturen dendetan erabiltzeko, eta uretako motorrean bidaia eta bi lagunentzako otordua biltzen dituzten beste hiru sari.