Iritsi da Udal eta Foru hauteskunde eguna, eta eskualdeko herrietan nabaria da hori. 09:00etan ireki dituzte hauteslekuak, eta ateak zabaltzearekin batera iritsi dira aurreneko herritarrak. Zenbait herritan kanpoan ere egon dira zain herritarrak, hautsetzontziak noiz irekiko. Zestoako eta Orioko EH Bilduren alkategaiak izan dira botoa eman duten lehen alkategaiak, aurreneko orduan eman baitute boza; gainerakoek goizean zehar edo eguerdi partean egin dute, batzuek bakarrik, eta beste batzuek zerrendakideen laguntzaz.
14:00etan jakinaraziko dituzte lehen parte hartze datuak, eta orduan jakingo da zenbat izan diren boza ematera joan diren herritarren zenbatekoa, herrika. Arratsaldeko parte hartze datuak 18:00etan jakinaraziko dituzte, eta 20:00etan itxiko dira hautetsontziak. Udal hautetsiak erabakitzeko ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako ordezkariak hautatzeko parada izango dute boto emaileek.
Guztira, Urola Kostako 59.522 herritar daude boza ematera deituta, Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera: Aian 1.573 lagun; Aizarnazabalen 573; Azkoitian 8.679; Azpeitian 11.639; Beizaman 121; Errezilen 491; Getarian 2.221; Orion 4.599; Zarautzen 18.794; Zestoan 2.842; eta Zumaian 7.970.