Raixta Eguna ospatuko dute ekainaren 10ean Emakumeon* Etxean

Intza Trula 2023ko mai. 30a, 17:23

Iazko Raixta Eguneko bazkariko argazkia (utzitakoa).

‘Elkarrekin piztu duguna’ lelopean ospatuko dute bigarren urtez jarraian Raixta Eguna, herriko emakume sortzaileen erakusleihoa izatea helburu duen festa.

Raixta Eguna ospatuko dute ekainaren 10ean Martxoaren 8a plazan. Zumaiako Emakumeon* Etxeko uda aurreko festa da, eta bertan, etxeko parte-hartzaileekin bizipenak elkarbanatu, etxean gertatzen dena herriratu, plazara atera, emakume sortzaileei lekua egin, eta proiektuaren berri ez duenak hura ezagutzeko aukera izango du. Usue Altuna Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak azaldu duen moduan, "emakume sortzaileen erakustoki izateaz gain, Emakumeon* Etxean urte osoan egindako lana plazaratzea eta herrian zabaltzea da asmoa".

Raixta pospoloa pizterakoan sortzen den onomatopeia da, hortik dator Elkarrekin piztu duguna egunaren leloa. Aurten ere Zumaiako arlo ezberdinetako sortzaileak izango dira eguneko protagonistak; hala nola, artisauak, musikagileak… Horrez gain, emakume sortzaileek euren jakintza elkarbanatzeko tailerrak ere antolatu dituzte, eta urte osoan zehar eskainitako tailer eta ikastaroetan parte hartu duten emakumeek ere egitarauan parte hartuko dute.

Goizeko 10:00etatik 15:00etara Zumaiako emakume sortzaileen postuak egongo dira Martxoaren 8a plazan. Guztira, hamar postu izango dira; horien artean, bitxigintza, gantxiloz egindako produktuak, zeramika, poltsak, motxilak eta panpinak egongo dira.

Altunaren hitzetan "aurreko urteko batzuk errepikatzen dute, baina aurtengoan sortzaile berriak ere animatu dira". Horrez gain, Altunak azaldu du, Emakumeon* Etxeak postua jarriko duela "bazkidetza kanpaina sustatzeko eta Emakumeon* Etxeko materiala erosteko". Halaber, emakume sahararrek ere henna egiteko eta tea hartzeko postua jarriko dute.

Sortzaileen postuez gain, kontzertu, tailer, hitzartze eta bertso bazkaria ere egongo dira, eta horietako batzuetan aurrez izena eman beharko da. Alde batetik, Libe Etxaniz egongo da piercing-ak egiten, eta zuloren bat egiteko beharrezkoa izango da aurrez berarekin hitz egitea; horretarako Instagram bidez mezu bat bidali (lei_piercing), edo Emakumeon* Etxearekin jarri harremanetan. Bestetik,  goizeko 10:45ean, Maitane Cabezarekin 'Koxinatu Sukaldaritza Agroekologikoa' egongo da, eta bertan parte hartzeko, aurrez, Emakumeon* Etxeari jakinaraztea beharrezkoa da. Azkenik, bertso bazkarirako txartelak salgai egongo dira Turismo Bulegoan eta Emakumeon* Etxean ekainaren 5era arte; 15 euroko prezioa du langileentzat, eta 12 eurokoa langabetu eta prekarizatuentzat. Emakumeentzat* soilik izango da bazkaria. 

Egitaraua:

  • 10:00etatik 15:00etara sortzaileen postuak Martxoak 8 plazan.
  • 10:00etan trikitilariak eta koplak. 10:00etan Saharako emakumeen errealitatea ezagutzeko sahararren hitzartzea.
  • 10:45ean Sukaldaritza Agroekologiko tailerra.
  • 10:45ean trabesia luzeetarako mendiko motxila egiteko tailerra.
  • 11:30ean bodypainting-a.
  • 12:00etan zaintza dinamikaren jarraipena. Iaz Zumaiako Mugimendu Feministak, Emakumeon* Etxeak eta Malen Etxeak zaintzaren gaia lantzeko dinamika bati hasiera eman zieten, eta raixta egunean, dinamikari jarraipena nola eman aurkeztuko dute. Zaintzaren gaia lantzeko hasitako dinamikari jarraipena nola eman aurkeztuko dute.
  • 13:00etan txalapartariak eta plaza-dantzak.
  • 13:30ean oholtza txikia (Zumaiako emakume musikari ezberdinek kontzertu laburrak eskainiko dituzte).
  • 15:00etan bertso bazkaria Amaia Agirre eta Uxue Alberdirekin. 
  • 17:30ean batukada kalejira herrian zehar.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide