Datorren ikasturtetik aurrera 2011n jaiotakoek ere parte hartu ahal izango dute Gaztegunean –12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako espazioa da–, eta zerbitzua nahiz hezitzaileak bertatik bertara ezagutzeko, ate irekiak izango dira ekaineko asteartetan. 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute hilaren 6, 13 eta 20an, eta 10:30etik 14:00etara 27an.
Nerabeei behar bezalako arreta emateko erreferentziazko tokia izan nahi du Gazteguneak, eta zuzendutako ekintzak nahiz gazteek beren kasa egitekoak eskaintzen ditu, autonomia eta autokudeaketa garatzeko. Lauhilero gai bat lantzen dute, beren iritzi kritikoa aktibatzeko helburuarekin. Horien artean dira sexu heziketa, hezkidetza, kontsumoak, harremanak nahiz emozioak. Opor garaian ere zerbitzua eskaintzen du, ordutegi bereziekin edota irteerekin.