Altzari eta objektu baliotsuak atera eta gorde ondoren, San Jose kalearen eta lorategiaren arteko horma bota zuten. Obran beharko duten garabia handik sartu, eta horma barruko lanetan murgilduta daude orain beharginak. Datozen hilabeteetan eraikin osoa eraberrituko dute, eta hemendik urtebeterako lanak amaitzea espero dute.
Lanek iraun bitartean, Kultur Topagunearen bueltan egongo diren bestelako espazio eta proiektuak lantzen ari da udala, hala nola, lorategiko proiektua eta kantina, Komentuko bizitzaren inguruko Interpretazio Zentroa, aterpetxe berria eta kudeaketa eredua.