Zumaian geldialdia egingo du Bilboko Zinegoak gaylesbotrans jaialdiak. Ostegunean, hilak 8, zazpi film labur proiektatuko dituzte: Irrits (Zuz: Maider Oleaga), Ezohikoak (Zuz: Alejandra Bueno), Son (Zuz: Marta Nieto), Girls & the party (Zuz: Paloma Lopez), Arnasa (Zuz: Raúl Barreras), Perpetua felicidad (Zuz: Isa Luengo, Sofía Esteve), It´s a gray, gray world (Zuz: Seyed Mohsen, Pourmohseni Shakib). Ekitaldia 19:30ean hasiko da Aita Mari zineman, eta sarrera doakoa izango da.
Casa Susanna, irailean
Udalak atzeratu egin zuen joan den maiatzean ematekoa zen Casa Susanna filmaren emanaldia Orioko hilketa matxista zela medio. Jakinarazi dute dagoeneko data berria: irailaren 21ean botako dute. Iazko filma da Casa Susanna, eta ingelesez proiektatuko dute, euskarazko azpitituluekin. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan kokatzen da filma, AEBetako landa sakonean, Catskill mendien magalean. Stonewall eta queer eta cishetero bezalako kontzeptuen teorizazioa baino lehen sortu zen Casa Susanna, emakumez janztea gustatzen zitzaien gizonak edo/eta emakume moduan identifikatzen zirenak hartzen zituen oporretako egoitza. Zuzendariak etxe haren bizitzari buruzko argazki eta dokumentazio grafiko bilduma eskerga bildu du dokumentalean, gaur egun 80 urte dituzten Diane eta Kate protagonisten ahotsarekin. Garai hartan, gizonak ziren eta erakunde sekretu horren parte ziren. Gaur egun, transexualitatearen lehen garaietako kapitulu ahaztua kontatzen dute.