Terrazen ordenantza berrira egokitzeko epea luzatu du udalak

Intza Trula 2023ko ekainaren 6a

Zumaiako ostalari eta dendariek ekainaren 15era arte daukate araudi berrira egokitu eta baimen berriak eskatzeko epea.

Zumaiako Udalak ekainaren 15era arte luzatu du araudi berrira egokitzeko eta baimen berriak eskatzeko epea. Udalak azaldu duenez, "espazio publikoaren erabileraren inguruan azken urteetan jasotako kexa eta erabilera desegokiak tarteko", gaia berrartu zuten iaz. Hori horrela izanik, eta inplikatutako sektore eta herritarrekin bildu ostean, maiatzaren 23an terrazen ordenantza berria argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Hasiera batean ordenantza berrira egokitzeko epea ekainaren 1era artekoa bazen ere, udalak ekainaren 15era luzatu du. Hori horrela, ekainaren 15erako ostalari eta dendari guztiek baimen berriak eskatu beharko dituzte. Zumaiako Udalak azaldu du, "epe horretan eskaera egin ez bada, zehapen-espedientea" irekiko zaiela "araudi berrira egokitu ez diren establezimenduei". 

Eskera orria eta establezimendu bakoitzari dagokion dokumentazioa ikus daiteke udalaren webgunean. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide