Zazpikoak batzeko unea

Maria Maya Manterola 2023ko ekainaren 7a

Iazko partida baten irudia. (Utzitakoa)

Izen ematea zabalik dago Zumaiako 7ko futbol txapelketan. Hilaren 15ean bilduko dira antolatzaileak taldeekin arauak azaltzeko, eta 20an abiatuko dute lehia. 

Uda sasoia heltzearekin batera, bueltan da urteroko lagunarteko futbol txapelketa. Izan ere, ekainaren 20an abiatuko dute Zumaiako 7ko futbol txapelketa, eta antolatzaileek dagoeneko ireki dute lehian izena emateko epea; horretarako azken eguna ekainaren 12a izango da, hain zuzen ere. Ekainaren 15ean, halaber, talde guztien arduradunekin bilera egingo dute taldekatzeak azaltzeko eta arauak birpasatzeko.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, taldeak mutilez eta neskaz osatuta egon daitezke. Gutxienez zazpi jokalarik osatu beharko dituzte, eta gehienez ere, hamabostek. Gainera, 17 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Hori bai, printzipioz, 32 taldetara mugatu dute parte hartzea. 

Taldeko 120 euro ordaindu behar dira txapelketan parte hartzeko. Diru sarrerak egiteko bi aukera izango dira: kontu korronte bidez (ES31 3008 0172 0330 7957 7015) edo Bizum bidez (688 87 84 51 telefono zenbakian), astelehena baino lehen.

Partida guztiak Aita Mari futbol zelaian jokatuko dituzte, eta taldekatze fasean lehenengo bi postuetan geratzen diren taldeak ligako kanporaketara sailkatuko dira. Gainerakoek, berriz, kopako kanporaketan jarraituko dute lehian.

Antolatzaileek azpimarratu dute errespetua lehenetsiko dutela une oro, bai partidetako epaileekin eta jokalariekin euren artean, baita futbol zelaian dauden arduradunekin ere. Hori nabarmendu nahi izan du Igor Osa antolatzaileak; izan ere, 2019ko txapelketan epaileenganako  «errespetu faltak» izan zirela aipatu du, eta argitu du berriz halakorik gertatuz gero, ezingo litzatekeela lagunarteko txapelketarik antolatu. 

Nahiz eta iazko izen ematea zumaiarrengana bakarrik mugatu, inguruko herrietakoak ere animatu dituzte parte hartzera aurtengoan. Izan ere, pandemia baino lehen Debatik (Gipuzkoa) edota Zarauztik ere bertaratzen ziren futbolariak Zumaiako herri mailako txapelketara. 

Igor Osa, antolatzailea: "Beste balio batzuk oinarri, kirola egiteko aukera ematen du txapelketak"

Nolatan hartu zenuen 7ko futbol txapelketa antolatzearen ardura?

COVID-19aren ondoren, ez zen antolatu txapelketarik, eta iaz antola zitekeen arren, inork ez zuen ardura hori hartu nahi izan. Beraz, nik neuk hartu nuen ardura. Iaz Zumaiako jendearekin bakarrik osatu ziren taldeak –hamar izan ziren, guztira–, eta ondo atera zen dena. 

Futbola gustuko dut, eta Zumaiako jendeak lagunartean futbolean aritzeko gogoa bazuela ohartu nintzen. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua naiz, eta nahi nuen jardueraren bat antolatzea. Gustuko dut hori.

Aurten inguruko herrietakoek ere izango dute izena emateko aukera.

Hala da, bai. Dena den, gehienezko kopuru bat jarri dut, 32 taldekoa, bestela talde gehiegi izango direlako. Oraingoz, hamabost taldek eman dute izena, baina astelehenera arte zabalik da izena emateko epea.

Igor Osa, txapelketaren antolatzailea. (Intza Trula)

Zeintzuk dira parte hartzeko baldintzak?

Aurten ez dago baldintzarik. Iaz taldeko gehienek zumaiarrak izan behar zuten. Aurten, talde mistoak izan daitezke, eta Zumaiatik kanpoko jokalariekin osatutakoak ere bai. 7ko futbolaz ari garenez, hori izango da taldea osatzeko parte hartzaileen gutxieneko kopurua, eta hamabost pertsona izango dira gehienez. Ekainaren 20an hasiko dira partidak.

Noiz arte izango da txapelketa?

Uztailaren bukaerara arte. Tartean Donostia Cup jokatuko da, eta biak kudeatu beharko ditugu. 

Zuk zeuk antolatzen duzu txapelketa, baina Kirol Patronatuaren eta Zumaiako Futbol Taldearen laguntzarekin, ezta?

Hori da. Nik ezin dut nire izenean antolatu lehia. Gaur bertan [atzo] bilduko naiz Peio Balentziaga Zumaiako Futbol Taldeko presidentearekin eta Antxon Alberdi kirol teknikariarekin, aseguruak-eta egiteko; bestela, konplikatu egiten da kontua. 

Antolatzen eta jardunaldietan ordu pila bat pasatzen dituzu. 

Bai. Ordu asko kentzen dizkit txapelketak, eta buruko minak eman ere bai. Aurten denbora asko igaroko dut futbol zelaian, baina baditut laguntzaileak; Iker Jimenez, esaterako. Ustekabean edozer gertatuz gero ere, ondo etorriko zait haren babesa.

Iaz lesionatu egin zen jokalarietako bat, eta halakotan aseguruarekin-eta kudeatu behar izaten da kontua.

Lehia ofizialak alde batera utzita, lagunartean aritzeko aukera ematen al du 7ko futbolak?

Uste dut horretarako balio duela. Partida ofizialak alde batera utzi eta beste balio batzuk oinarri hartuta, kirola egiteko aukera ematen du lehiak. Lagunartean taldea osatu behar duzu, nork jokatuko duen erabaki, askotariko futbolarien aurka aritu... Lehia osasuntsua sortzen du horrek.

Edonork parte hartzeko moduko txapelketa al da?

Bai. Gazte jendeak izena ematen du, adin ertainekoek ere bai... Taldeak mistoak izan daitezke, baina esan beharra dago bi emakumezkok bakarrik eman zutela izena iaz. Emakumezkoen txapelketa antolatu nahi nuke, emakume batzuek esan izan didatelako nahiago luketela. Aurten kantxa obretan daukagu, eta ezingo dugu. Aurrerago bi txapelketa egin nahi nituzke, emakumezkoena eta gizonezkoena. 

Partaideei errespetua eskatzen diet. Pandemia baino lehen, 60 talde izan ziren zelaian, eta epaileenganako errespetu faltak izan ziren harmailetatik. Ez nuke horretara iritsi nahi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide