Donostiako 84. Musika Hamabostaldia eskualdera iritsiko da abuztuan, eta hilabete osoan zehar hainbat emanaldi ikusteko aukera egongo da hainbat herritan. Donostiako eta Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dituzte Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuak, tartean Zumaian.
Hain zuzen, abuztuaren 6an, Donosti Ensemble taldearen emanaldia izango da Zumaiako San Pedro elizan, 20:00etan hasita. Musika Aitzaki programaren barruan arituko dira Marta Zabaleta piano jotzailea, Tatiana Samouil biolin jotzailea, Natacha Tchitch biola jotzailea eta Pavel Gomziakov biolontxelo jotzailea.
Bailaran ere bai
Azpeitian, berriz, bi kontzertu izango dira: lehena, abuztuaren 12an, eta bigarrena, abuztuaren 18an. Hil horren 12an, Mami Sakato organista japoniarra izango da Azpeitiko Loiolako santutegian (20:00). Hark organo zikloaren barruko emanaldia eskainiko du, eta, besteak beste, Franck, Saint-Saens, Vierne, Dupre, Puig-Roget eta Tournemireren lanak interpretatuko ditu. Abuztuaren 18an, berriz, Musika Aitzaki programaren barruan arituko da Intonationes taldea, Urrestillan. Horiek hango Jaunaren Gizakundearen parroki elizan eskainiko dute emanaldia, 20:00etan. David Sagastume kontratenorra zein zuzendaria, Andres Miravete tenorra, Oriol Mallart baritonoa, Guglielmo Buosanti baxu jotzailea eta Carlos Garcia organista izango dira protagonistak.
Bestalde, Duo Cassado bikoteak Getariako Cristobal Balenciaga museoan eskainiko du Musika Aitzaki programaren barruko kontzertua, abuztuaren 12an (20:30). Bikoteak Federico Garcia Lorcari egingo dio omenaldia, haren jaiotzaren 125. urteurrenean. Damian Martinez biolontxelo jotzailea, Marta Moll piano jotzailea eta Ivan Vargas dantzaria ikusi ahal izango dira oholtza gainean. Dena den, aurrez sarrerak erosi beharko dira, 14 euroren truke. Azkoitiko kontzertua, berriz, abuztuaren 13an izango da. Organo zikloaren barruko kontzertua emango du Felix Hell organista alemaniarrak Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, 20:00etan hasita. Bach, Franck, Barber eta Liszten lanak eskainiko ditu Hellek Azkoitian.
Eskualdeko azken emanaldia abuztuaren 26an izango da. 20:00etan hasita, Iruñeko Ganbera abesbatzak abestuko du Orioko San Nikolas elizan. Jorge Oteizari omenaldia egiteko kontzertua eskainiko du abesbatzak, haren heriotzaren 20. urteurrenean.