Asteazkenean bilduko da udala herritarrekin merkataritza arloko diagnostikoan ateratako ondorioak aurkezteko. Zumaiako Udala herriko Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa garatzeko lanetan dabil, eta lehenengo fasean, Zumaiako merkataritza arloko eskaintzaren, eskariaren eta kokapen espazialaren diagnostikoa egin zuen, merkatariek betetako galdetegi bat eta bestelako datuak oinarri hartuta.
Horrez gainera, lehen fasean identifikatutako puntu garrantzitsuenen kontrastea egiteko, herriko merkatari eta zerbitzu enpresetako arduradunekin foku taldeko bi bilera egin zituzten, Dendartean elkartea dinamizatzaile zutela. Denbora honetan aztertu dituzten gaien artean daude, besteak beste, merkatariei zuzendutako dirulaguntzak, aparkalekuak eta TAO sistema, udal tasak eta zerbitzuak, eta lokal hutsak. Horrenbestez, datorren asteazkenean, 15:00etan udaletxeko pleno aretoan bilduko dira diagnostikoaren inguruko ondorioak aurkezteko asmoz.
Hutsik dauden lokalak berreskuratzeko dirulaguntzak
Zumaiako Udalak herrian hutsik dauden lokalak berreskuratzeko neurri berri bat jarri du martxan. Udalaren esanetan, "Zumaiako hainbat eremutan merkataritza berreskuratzeko eta indartzeko ekintzaile berriak erakartzeko" lokalak alokairuan hartzeko dirulaguntzen kudeaketan ari da.
Neurri horrek, "merkataritza jarduera eta ekimen berriak sustatzea, eta eremu horiei bizia ematea" du xede. Dirulaguntzak jendaurreko agerraldian daude orain, eta beharrezko administrazio prozedurak gaindituta, udazkenean zabalduko du udalak lokal hutsak alokatzeko dirulaguntza deialdia.