15 urte zituela hasi zen itsasontzien mundua eta ogibidea ezagutzen, eta ordutik bizitza osoa pasatu du itsasontzietan lanean; 40 urte izan dira guztira. Kontatu du garai hartan urtean hiru egunez bakarrik itzultzen zela etxera.
Merkataritza ontzietan ibili izan zara betidanik. Nola hasi zinen lanbide horretan?
Bizitza osoa itsasoan pasatu dut, merkataritza ontzietan. 15 urterekin hasi nintzen bertan lanean, gazte-gaztea nintzela, eta guztira 40 urte egin ditut lanbide horretan, jubilatzeko garaia iritsi zitzaidan arte. Makinetan hasi nintzen lanean, sugile, eta horretan bi itsasontzitan ibili ondoren, soldadutzara joatea tokatu zitzaidan. Soldadutzan bi urte pasatu nituen, eta bi urte horien ondoren, berriz ere itsasora itzuli nintzen. Sugile lana itsasontziko gogorrena dela esango nuke, eta horregatik, soldadutza amaitu nuenean, itsasontziko mekanikari izateko titulua atera nuen. Titulu horri esker lurrunontzian aritu nintzen lanean, pixkanaka desagertzen joan ziren arte.
Nolakoa izan da zure bizitza itsasoan?
Oso gogorra izan da nire bizitza itsasoan, baina itsasgizonon bizitza, orokorrean, izan da oso gogorra. Gainera, oso gazte hasi nintzen, eta sugile moduan; lanik gogorrena da hori. Denbora asko pasatzen genuen etxetik kanpo, normalean urtean behin itzultzen ginen lehorrera, eta hiru egun bakarrik pasatzen genituen etxean. Emaztea urtean bi egun eta lau orduz ikusten nuen.
Beraz, lana zela eta, San Telmo jaiak beti etxetik kanpora pasatzen zenituen, ezta?
Urte osoa kanpoan pasatzen nuen, eta baita santelmoak ere; beraz, gaztetan ez nituen jaiak ezagutu. 1960. urtean ezagutu nuen emaztea, eta bi urte geroago ezkondu ginen. Ez ditut San Telmo jaiak ezagutu jubilatu nintzen arte. Hala ere, erretiroa hartutakoan, lehenengo sei urteak Asturiasen igaro genituen. Emaztearen ama hil zenean etorri ginen Zumaiara, eta orduan ezagutu nituen herriko festak.
Zer sentitu zenuen bandera igotzeko hautatua izan zinela jakin zenuenean?
Ba, gauza bat esango dizut: niri oraindik ez dit inork ezer esan, nire emazteari baizik. Oraindik antolatzaileekin egon behar dut guztia ondo azaltzeko eta gauzak nola egin behar ditudan jakiteko. Hala ere, oso emozionatuta nago bandera igotzeko hautatua izateagatik.
Noizbait pentsatu zenuen halako aukera edukiko zenuela?
Ez. Ez nuen inoiz pentsatu horrelako aukerarik izango zuenik, eta ez dut inoiz antzeko zerbaitetan parte hartu. Gogo askorekin hartzen dut hau, ilusio handia daukat.
Festak hurbiltzen ari dira. Urduri jartzen al zara unearekin pentsatzean? Momentuan bertan urduri jarriko zarela uste duzu?
Oraingoz ez, baina momentua heltzen denean uste dut urduri jarriko naizela, egongo den jende guztiarekin eta… Urduri jartzen naiz lagunek esaten didatenean han izango direla.
Zer suposatzen du zuretzat bandera igotzeak herritar guztien aurrean?
Ilusio handia egiten dit herriarentzat oso garrantzitsua den zerbait egiteko aukera izateak. Gainera, nire inguruko jendea ere asko poztu da, kalean askok esaten didate badakitela nik altxako dudala bandera eta bertan egongo direla ni ikusteko. Askok esan didate aurten ez zutela bertara hurbiltzeko asmorik, baina orain ez dutela inondik inora ere galduko. "Xanpain botilarekin joango gara", esan zidan lagun batek.