Ohiturari jarraiki, San Juan sua izango da gaur, hilak 23. Udako solstizioari ongi etorria emango diete herritarrek suaren bueltan, eta horri lotutako bi ekitaldi izango dira Zumaian.
Lehenbizi, 22:00etan, Sanjuaniturrin sua piztu eta Txistulari Banda eta dantzariak elkartuko dira suaren inguruan. Eskaera egin diete bertaratzen direnei, paperik, plastikodun gairik eta libururik ez botatzeko dantzariak dantzan ari direla.
Gero, Gernikako parkean jarraituko du festak. Joareek kalejira egingo dute han 23:00ak aldera egingo duten akelarrera, eta suaren bueltan bilduko dira herritarrak.