Bihartik, abuztuaren 11ra, ostirala, bitartean ezingo da trena erabili Zarauztik Zumaiara joateko edota alderantziz. Euskotrenek azaldu duenez, zerbitzua etengo dute bi herrien artean ETS Euskal Trenbide Sareak trenbidearen azpiegitura hobetzeko egin behar dituen lanak direla eta.
Nolanahi ere, eskualdeko bi herrien arteko garraio publiko bidezko lotura bermatuta egongo da; izan ere, autobusez emango dute zerbitzua. Horren harira, zehaztu dute Zarauztik Bilborako noranzkoan bi autobus jarriko dituztela: batak, Eibarrera arteko bidaia egingo du zuzenean autobidetik, eta Bilborako bidea jarraitu nahi duten erabiltzaileek Eibarren trena hartu beharko dute; besteak, Elgoibar izango du helmuga, eta tarteko geltoki guztietan jaitsi ahalko dira erabiltzaileak. Bi autobusak Zarauzko behin-behineko geltokitik abiatuko dira.
Zumaiatik Donostiarako noranzkoan ere tren geltoki parean hartuko dute autobusa erabiltzaileek, eta bi autobus hartzeko aukera izango dute, era berean. Donostiara arteko bidaia egingo dute biek, baina ibilbide ezberdinak izango dituzte: bata, zuzenean joango da Lugaritz eta Amarako geltokietara; eta, bestea, Añorgako geltokira arte, tarteko geltoki guztietan geratuta.
Halaber, argitu dute tren zerbitzuak ohiko martxari eutsiko diola Zarautz eta Donostia artean eta Zumaia eta Bilbo artean.
Sei milioi euroko lanak
Zarautz eta Zumaia arteko trenbide zatia moztea eragingo duten lanen harira zehaztu dute, bestalde, Urola ibaiaren gaineko Zumaiako zubian –San Migelgo zubia deritzona– egingo dituztela. Egitura konpontzeko eta trenbidea eta katenaria erabat berritzeko gauzatuko dituzte lanak.
Horrez gain, beste hainbat lan egingo dituzte aipatu trenbide zatia itxita dagoen bitartean: San Migelgo eta Meagako tuneletan, esaterako, trenbidea berritzeko eta plataforma jaisteko obrak egingo dituzte. Helburua da armamentua modernizatzea, eta erreiak eta trabesak ordezkatuz, hormatxoak eta arekak egitea.
Meagako tunelean, bestelako konponketa lanak egingo dituzte tunelaren estaldura indartzeko. Ia sei milioi euroko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailak horretarako.