Gertu elkarteak antolatutako Zilarrezko Ginkanaren zozketak baditu jada irabazleak. Jone Gantxegik, Elena Etxeberriak eta Uxue Txapartegik uretako motoan bidaia eta otordu bana eskuratu dituzte, eta 300 euroko bonuak, berriz, Aitziber Soraluzek, Pulpoko entrenatzaileak eta Adelaida Mejiak.
Ginkanaren xedea "herriko merkataritza sustatu eta Zumaian kontsumitzen duten bezeroak saritzea izan da", antolatzaileek adierazi dutenez. Bezeroek erosketekin lortutako orria osatu behar zuten ginkanan parte hartzeko, eta horretarako Gertu elkarteko lau saltokitako lau zigilu ezberdin lortu behar zituzten. Behin hori eginda, orria beharrezko datuekin betetzea eskatzen zitzaien, zozketan sartu ahal izateko.