Ardantzabideko tailerrean topa zezaketen zumaiarrek duela urte batzuk lanean Jose Ramon Diaz, motorrak konpontzen edota bizikleten gurpilak puzten. Bestelako lanak ere egin ditu Diazek, ordea: joan zen mendean Euskal Herrian egindako moto klasikoak zaharberritu ditu, besteak beste. Horietako batzuk ikusgai dira Alondegiko Oxford aretoan joan den asteaz geroztik, eta uztailaren 16ra bitartean ikusi ahal izango dira motor horiek bertatik bertara. Aretoa egunero zabalduko dute 18:30etik 20:30era bitarte, eta asteburuetan eguerdietan ere bai, 12:30etik 14:00ak artean.
Motoak
Moto eta auto artean jaio eta hazi zen Diaz, eta esan daiteke motoak haren bizitzaren bereizgarria izan direla. Familiatik datorkio zaletasuna, eta horri eusten saiatu da. «Nire aita eta aitona motozaleak ziren. Oso goiz hasi nintzen motoen bueltan, eta 1971ean ireki nuen tailerra Zumaian. Mekanikaria naiz eta motoak asko gustatzen zaizkit; barru-barruan daramat mekanikari sena. Orain denbora libre asko dudanez, horretan aritzen naiz denbora-pasa. Nafarroan etxea dugu, eta han zaharberritzen ditut moto klasikoak», azaldu du.
Hain zuzen ere, lanean ari zen bitartean, astean zehar motoak saltzen, konpontzen eta nekazaritzako makinaria saltzen aritu ondoren, asteburuetan motoak zaharberritzen zituen Diazek. «Lanean ari nintzenean ez nuen denbora gehiegi izaten, eta urtean moto bat zaharberritzen nuen. Erretiratu nintzenean hasi nintzen zaletasunari denbora gehiago eskaintzen», gogoratu du.
Erakusketan 30 moto jarri ditu ikusgai, eta garajean gordeta beste hamabi badituela aitortu du. « Zumaiakoak eta inguruko herrietakoak dira. Orain motoari baja ematen zaionean txatartegira eraman behar izaten da. Lehen ez zen horrela, ordea, eta baja emandakoan jendeak tailerrean uzten zituen. Hori delaeta, gustatzen zitzaizkidanak pixkanaka gordetzen joan naiz». Diazek orain baino moto gehiago ere izan zituen, baina sute baten ondorioz galdu egin zituen asko. «Gure tailer zaharraren ondoan zegoen aroztegiak su hartu zuen, eta lokal horretan gordeta nituen hainbat moto klasiko erre egin ziren. Pena izan zen. Berez, ez zuten balio ekonomikorik, baina urteetako lanaren emaitza ziren».
Prozesu luzea
Moto klasikoak zaharberritzeko zaletasunari «denbora asko» eskaini behar zaiola nabarmendu du Diazek. «Ordezko piezak aurkitzea oso zaila da, eta batzuetan norberak egin behar izaten ditu. Horrez gain, txukun uzteko hagun eta gurpil azal berriak jarri behar izaten dira, baita motorrak margotu, kromatu eta leundu ere. Nik egiten dut ia prozesu guztia, horregatik eskatzen du denbora asko».
Harrera «ona»
Diazek jakin badaki moto klasikoak indarra hartzen ari direla azken urteetan, eta bildumagileak ere hurbildu zaizkio bateren bat salduko ote duen galdezka. Hark ordea, argi dio: «Ez ditut saldu nahi».
Gainera, orain «oso gustura» dago erakusketak herritarren artean izan duen harrerarekin. «Hamarkada askotan saldu ditut motoak eta nekazaritza makinaria, eta zumaiarrez gain, inguruko herrietako jende asko ezagutzen dut, baserritarrak batez ere. Inaugurazio ekitaldira jende ezagun asko etorri zen, eta pozez hartu nuen horien bisita; elkarrekin gogoratu genituen garai zaharrak».
Diazek aitortu du orain arte ez dela bere motoak erakustera animatu, «garrantzirik ez» zutela pentsatzen zuelako. «Urte hauetan guztietan gehienez hamar lagunek ikusiko zituzten moto klasiko horiek. Lotsa ematen zidan, traste zaharrak zaharberritzeagatik zoratuta nengoela pentsatuko zutelakoan edo. Horregatik, jende askorentzat ezustekoa izan da moto klasikoak zaharberritzen ditudala jakitea. Erakusketa ireki nuenean pentsatzen nuen ez zela inor etorriko ikustera, baina jende asko bildu da, eta pozik nago erantzunarekin».